GARA > Idatzia > Euskal Herria

Atzerapen pixka batekin, baina azkenik agertu da eguzkia Urduñan

Ostiral eta larunbatean botatako euri zaparradek eta giro goibel eta petralak atzo eguzki izpiei eman zieten bidea Gazte Danbadan. Goiz-goizetik, tenperatura epelak giro ederra sortu zuen, neurriz ibili zirenen gozamenerako eta gaua ederki luzatu zutenen penitentziarako. Eguraldia lagun, ekimen ugariak jendez gainezka egon ziren, gudariei egindako omenaldia edota Aberri Eguneko ospakizun txikia kasu. Danbadak gaur itzaliko ditu argiak.

p014_f01.jpg

Mikel PASTOR | URDUÑA

Hor omen zegoen, ezkutuan, Urduñako mendi altuen babesean. Aurreko bi egunetako jitea ikusita, inork gutxik pentsatuko zuen azkenean agertuko zela. Baina atzo, patuaren laguntzaz edo, eguzkiak azkenean egin zuen bere agerpen aparta Gazte Danbadan. Gazte gehienek eskertuko zuten lehendabiziko aldiz eguzki izpiak sumatzea, baina ziur asko aurreko egunean parrandan etsi gabe ibilitako beste zenbaitek larrutik ordaindu beharko zuen eguraldiaren hobekuntza.

Eguzkiak, halere, erantzuna sorrarazi zuen gazteengan. Udaberria bezala, argiak, tenperatura egokiak, edo batek daki, aurreko gaueko ordu aldaketak bikain astindu zituen denak. Aldarteak alai, kanpalekuko lupetza, pausuan bada ere, lehortuz, eta bat baino gehiagoren oinak salbatu dituzten katiuska magiko horiek, kanpin-dendara. Kamiseta manga motzen txanda.

Beste batzuentzat, ordea, albiste txarrak atzokoak. Egunetako nekea astun, lo egindako ordu apurren pisua gainean, eta hori nahikoa ez balitz bezala, eguzki izpi zorrotzen zigorra. Halere, gazteek aterabideak aski dituztela argi utzi zuten atzo. Esaerak dioenez, arazo handien aurrean, halako erremedioak. Foru plazako arkupeetan, zuhaitzen gerizpe gune apurretan edo zenbait taberna eta lonjen iluntasunean babestu ziren asko eta asko. Dutxen ilara ere nahiko handitu zen, ur hotzak gorputz nekatuetan daukan efektu terapeutikoa konprobatuta.

Nolanahi, eguraldiaren laguntza txiki honek are gehiago piztu ditu Urduñako kaleak. Lau egun hauetan sekulako giroa nabaritu da Bizkaiko herrian. Kaleak une oro beteta, bizitza izkina guztietatik, nagusiak gaztetxoekin berbetan... gune «liberatu» bilakatu da Danbadaren laguntzaz. Sentsazio horiek biderkatu egin ziren atzo. Inoiz baino jende gehiago martxan, tailer asko leporaino beteta, bikote eta kuadrillak espabilatzeko paseotxoa gustura ematen... Nolabaiteko metamorfosia izan zuen atzo Gazte Danbadak. Goibeltasunetik optimismora.

Gudariak oroimenean

Klima atsegin horren babesean egin zuten atzo gudarien omenezko ekitaldia. Xabier Lopez Peñaren heriotza oso presente, Gernika Plaza leporaino bete zen eguerdi partean omenaldi hunkigarrian parte hartzeko.

Txalaparta soinuen laguntzaz, gazte batek pebeteroa piztu zuen Basauriko preso politikoaren argazkiaren aurrean. Karga sinboliko handikoa izan zen ekimena, hasieratik amaierara. Iragana eta etorkizuna uztartzen dituen su horrekin batera, Telesforo Monzon eta beste zenbait militante abertzaleren hitzak zabaldu ziren bozgorailuetatik, gudariak eta euren borroka goratuz. Sentipenak puri-purian, txalo zaparrada ugari entzun ziren ahotsak amatatzean.

Poemen txanda iritsi zen jarraian. Sakontasunez betetako poemak. Hitz eder eta hunkigarrien bitartez, borrokaz, lurraz, militantziaz, konpromisoaz, nostalgiaz, eta oro har, sentipenez beteriko letrek plaza betean errespetuzko isiltasun izugarria sortu zuten. Ekitaldiaren zati honi amaiera emateko, Exkixuren «Amaiur» abesti ezaguna ekarri zuten denen belarrietara.

Euskal Herriko eskualde ezberdinetako dantzariek agurra dantzatu zioten gero Lopez Peña presoari, eta arrosa gorri bana bere irudiaren aurrean eskaintza gisa utzi, ukabilak zerura begira.

Halere, oraindik ekimenaren zati izugarriena ikusteke geneukan. Arrano eder batek plazako punta batetik bestera hegaldia egin, eta Maialen Etxeberria Ernaiko bozeramaileari mezua eraman zion, txalo zaparrada artean.

«Izar berri bat piztu zaigu zeruan» hasi zuen diskurtsoa Etxeberriak. «Bizitzeko eta bizitzaren alde dena eman dutenei, agur eta ohore». Publikoaren oihuek haren hitzak eteten zituzten. Gogoa, gero eta beroago, eta oroimena, gero eta gertuago.

«Urteak pasa dituzte estatu zapaltzaileek errepresioarekin, ukazioarekin. Gure izena lapurtu nahi dute, herri gisa zapaldu, menperatu. Gure nortasuna ukatu nahi dute. Izena eta Izana betirako kendu, baina ez dute lortuko», baieztatu zuen Etxebarriak, «atzo eta gaurko gudariak maite ditugu, herriaren seme-alabak direlako, borrokaren ondorio zuzena. Euren konpromisoa adibide izango da guretzat».

Hein horretan, Espainiako zenbait hedabideren mezua gogor kritikatu zuen: «Etsaia bere diskurtsoa txertatzen saiatu da urte luzeetan zehar, intoxikatzen saiatu dira, baina ez dute inolaz lortu. Atzo, bihar, etzi. Borroka da bidea, eta gure omenaldirik onena garaipena izango da», gaineratu zuen, bildutako gazteen aupada jasoz.

Bakearen olibondoa

Atzoko egunean Iruñean ospatutako Aberri Egunak ere bere tartetxoa izan zuen Urduñan. Nafarroako hiriburura gerturatzerik izan ez zuten zenbait gaztek ekimen txikia egin zuten arratsaldean. Independentistak sarearen banderolak airean, bildutakoek olibondoa landatu zuten Gernika Plazan, bakearen eta etorkizun aske baten esperantzaren lekuko.

Arratsaldeak aurrera egin ahala, Urduñako bazter guztietan berriro ere martxan jarri ziren motor guztiak. Geratzen ziren indar apurrak batu, ondo afaldu eta Gazte Danbadaren azken gauari aurre egin. Batzuek Altxa! gunera joateko bidea begiak itxita ere egiteko gai liratekeela erakutsi zuten.

Beste mota bateko musika nahiago dutenentzat, aukeran zeuden zezen-plazako Bizi! guneko DJ trebeak, edota Astindu!-ko gau raperoa. Bizi! gunea arrakastatsua izan da aurtengo Danbadan, joera askotariko DJak batu dira bertan. Zezen-plazan jarritako karpak bikain erantzun du, eta ur potxingorik ere ez denez agertu, denak pozarren.

Aipatu bezala, Astindu!-n rap doinuak nagusitu ziren atzo. Lehenik, 2ZIO, Darg Team eta 121 Krew bertan izan ziren atzo, gauari hasiera emanez. Horien ostean zetozen Los Chikos del Maiz. Nega eta Toni bikote valentziarrak Euskal Herrian jarraitzaile ugari dituztela erakutsiko zuten bart. Horien atzetik, gauari amaiera bikaina emateko Bad Sound System talde irundarraren txanda izan zen. Erritmoa, alaitasuna eta oinak dantzan jartzeko parada bikaina eskaintzen dutela berriro frogatzeko prest.

Altxa! gunean ere saio indartsuak izan ziren atzo. Jendetza mugitzen duten izen handiko taldeak batzea lortu du Gazte Danbadak. Gaua Troopers eta Arkada Socialek ireki zuten, ikus-entzuleen artean giroa ederki berotuz. Gero, Soziedad Alkoholika, Non Servium talde madrildarra eta Iheskide, aurtengo Danbadaren abestia egin duen taldea, jotzekotan ziren. Jaialdiaren amaiera bikain ospatzeko aukera paregabea.

Gaur, ordea, txanponaren beste aldea etorriko da. Gozategik ondo abestu bezala: «Astelehena biharamun/ ezinez lehertzear nago/ sabeleko kalanbreak/ ezin dut gehiago». Kanpin-dendak batu, egun hauetako esperientziak komentatu, azken uneko ezustekorik ez egoteko zenbaketak burutu, eta pixkanaka-pixkanaka etxerako bidea hartuko dute milaka gaztek.

Atzean, hitzaldiak, tailerrak, kontzertuak, formakuntza saioak, parranda, ligoteo saiakerak, hainbat pasadizo eta kontatzeko milaka istorio. Aurrean, herri hau sozialismotik eta feminismotik eraikitzeko asmo sendo eta irmoa. Baina momentuz, eta gaurkoz bada ere, utz ditzagun gazteak euren etxeetako ohe gozoetan merezitako atsedena hartzen. Eskertuko dute, seguru.

AMAIERA

Atzokoa Gazte Danbadaren azken gaua izan zen. Lau egunetan zehar gazteriaren hiriburu izan dena utzi eta etxera bueltatzeko ordua heldu zaie denei. Desmuntatze lana boluntario kementsuen esku geratuko da Urduñan.

beroa

Urduñan bildutako gehienek eguraldi aldaketa eskertu zuten. Katiuskak, zirak eta antzekoak denda barruan utzi, eta manga laburrak edo tiranteak soinean jartzeko aukera, ordu batzuetan bada ere.

tailerrak

Parte-hartzea beti-beti berdina izan ez bada ere, tailer eta hitzaldi gehienak leporaino bete dira. Elikadura subiranotasuna, Zero Zabor, sendabelar edota feminismoari buruzko solasaldiek jende andana batu dute egun hauetan.

Ipar Euskal Herriko gazteriaren egoera berria hizpide

Igandeko ekimenen artean, bereziki interesgarria suertatu zen Ipar Euskal Herriko gazte mugimenduko bi kidek eskainitako hitzaldia eta ondorengo mahai-ingurua.

Bi gazteek azaldu zutenez, Iparraldeko egoera nahiko nahasia izan da ezkerreko abertzaleen baitan. Banaketak, barne arazoak, eztabaidak eta liskarrek mindu egin dute abertzale mugimendua.

Egoera horrek gazteengan eragina izan du, eta Segik 2012ko ekainean desegitea erabaki zuela adierazi zuenetik, Iparraldean ez da gazte erakunderik.

Errealitate horri buelta emateko urratsak egiten ari direla nabarmendu zuten bi kideek. Otsailaren 2an, Ezpeletan egindako Gazte Egunean ehun gazte baino gehiago batu zituztela nabarmendu zuten, «espero baino askoz gehiago».

Prozesu hori orain barne eztabaida betean aurkitzen dela azaldu zuten, ildo ideologikoa eta praktikoa militanteen artean finkatzeko. Udara parterako albisteak egon daitezke alde horretatik, gazte erakunde berriaren agerpenarekin.

M.P

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo