GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Aitziber Pz. KARKAMO kazetaria

Neurtzeko kode ezberdinak

 

Laura Mintegiren hitzak ikertuko dituztenean, Lauraren hitzak aldarrikatzeko unea dela uste dut. Berak dio, «bizitzaren etapa berri honetan ikasten ari naizen zerbait izatekotan, politikagintzan eta pentsamenduaren arloan kode ezberdinak erabiltzen direla ikasten ari naiz». Kode politikoaz edo etikoaz hitz egin dezakegu, baina begi bistakoa da gutxi batzuek izan nahi omen dutela etikaren diskurtsoaren jabetza eta ez direla berdin neurtzen batzuen eta besteren hitzak eta ekintzak.

Begira bestela escrache delakoak direla-eta piztu den eztabaida. Debate interesgarritzat jo dezake norbaitek, baina askotan gertatzen den lez, honen inguruko iritzi eta hausnarketa asko kutsatuta datoz eta kutsakorrak dira bere jatorrian. Orain, boteprontoan, jazarpenaz ari dira batzuk, biktimarena egiten, bere etxebizitzatik kaleratua izateko mehatxu iraunkorra pairatzen duenak jazarpena sentituko ez balu bezala.

Hipoteka ordaintzeari utzi behar izaten dionak bere borondatean kontra egiten du, behartuta. Ordezkari politiko gisa hipoteken legea aldatzearen kontra bozkatzen duenak, bere borondatez egiten du hori, eta aspaldi erakutsi ziguten norbera dela bere ekintzen jabe.

Erabateko botere zalantzagabeari aurre egin diezaiokeenari zilegitasuna kentzea da geratzen zaizuen argudio bakarra eta horretan ez duzue neurririk. Zuon aurka altxatzen denaren kriminalizazioa darabilzue eta horrekin batera lau katuren kontua dela erakutsi nahi izan duzue, baina ez da horrela, eta Mario Benedettik zioen bezala, «kalean, elkarren ondoan, bi baino askoz gehiago gara».

 
 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo