GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com

Trenak ekarririkook eta aberria

Txikitan oporretan nora joango ginen elkarri galdeturik, Barakaldon, behintzat, den-denak joaten ziren «herrira» eta «herririk» ez geneukanok ginen arraroak

Aberri Egunaren harira asteburu honetan argitaratu du Miren Amurizak artikulu polit bat 7Kn, «Argamasilla de Calatrava» izenburuaz. Nire txikitako hainbat kontu ekarri zizkidan burura. Hala ere, gauza batzuk antzekoak izan arren, Ezkerraldeko ikuspegia, esan barik doa, oso ezberdina da. Espero dut zenbait galderari erantzuteko baliagarria izatea.

Txikitan oporretan nora joango ginen umeok elkarri galdeturik, Barakaldon, behintzat, den-denak joaten ziren «herrira» eta «herririk» ez geneukanok ginen arraroak. Arrazoi ezberdinengatik, ez gindoazen gurasoen herrira; beraz, ez geneukan herririk. Barakaldo bera ere ez zelako gure herria, ez zen herria, ez zeukan herri historiarik ez herri jokabiderik. Denok ginen trenak ekarririkoak. Herri sortu berria zen, artifiziala eta zikina. Eta pertsona orok behar du pertenentzia sentimendua, barru-barrukoa da. Horregatik neskato haiek joaten ziren «a su pueblo».

Sustraiak beste nonbait edukitzea ez da gauza txarra, aberasgarria baino. Eta gure herrian hainbat eta hainbatek dauzkate sustraiak hemendik oso urrun. Horrek ez du esan nahi askotan, pentsatu baino gehiagotan, bertokoak ez direnik. Agian ez daukate euren burua abertzaletzat («abertzale» berbaren konnotazioak kontuan hartuta), are gutxiago -eta askotan konfunditzen dugu hori- ezker abertzale- tzat, baina bai bertokotzat, euskal herritartzat. Hain zabala den zati sozial hori da kontuan hartu behar duguna Estatua eraiki nahi badugu.

Geure burua euskalduntzat, Euskal Herria aberritzat, abertzaletzat, daukagunok sarri askotan horrela jotzen ez dutenak lerro imajinarioaren beste aldean, justu kontrako aldean kokatzeko ohitura izaten dugu. Bere burua abertzaletzat jotzen ez duenak ez du zertan espainol nazionalistatzat jo. Esan barik doa horrelakoak ere badaudela, baita herri euskaldun petoetan ere.

Gure nazioa anitza da eta ezin dugu identitate bateratu edo komunik sortu, aniztasun horrek berez galarazten digulako. Beste nazio batzuetan bestelako identitateak egotea ez da oztopotzat hartzen. Gurean horrela izateko arrazoia sinple bezain konplexua da: euskal nazioaren izaera eta, beraz, bere aniztasuna ere, espainiar eta frantses estatuen eraginez urtzen da. Autodefentsa mekanismoz mugatu eta polariza- tzen dugu, gure berdin-berdinak ez direnak gatazkaren beste aldean automatikoki kokaturik.

Ezkerraldeko bati baino gehiagori entzun izan diot ezker abertzaleak euste-hormaren funtzioa betetzen duela. Eta egia da. Baina euste-horma horrek zati txiki-txiki bati eusten dio, erabili ahal diren hainbat adreilu bidetik galdu dituen bitartean. Francoren Espainiatik alde egindako ezkerreko langileek ezkerreko mezua behar zuten, Bizkaiko beste herri batzuetan ezkerreko mezuak batzuetan pikor egiten duen bezala. Eta punkaren herrian, nork behar zuen kortse bat, are gutxiago gaztetan?

Sasoia da konturatzeko eskualde batzuetan funtzionatzen duen «euskal esentzia» beste batzuetan ez dabilela. Eta berez murrizten digula independentismoa indartzeko aukera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo