GARA > Idatzia > Euskal Herria

Iņigo Cabacas Gogoan plataformak gogor salatu du ardurarik argitu ez izana

Basauriarraren lagun eta senideen plataformak gogor salatu zuen atzo, haren hilketaren urteurrena betetzera doanean, inongo arduradunik ez dagoela. Arartekoak ere onartezintzat jo du orain arte «erantzukizun politikorik» ere ez argitu izana.

p014_f02.jpg

GARA | BILBO

Basauriarraren heriotzaren urteurrena betetzear dela, Iñigo Cabacas Gogoan plataformak gogor kritikatu zuen atzo haren hilketaren inguruan «arduren basamortu» bat dagoela, eta kasuaren inguruan iluntasuna nagusitzen dela salatu zuen.

Bilbon eskainitako prentsaurrekoan Urtzi Ugalde eta Vania San Martinez plataformako kideek adierazi zutenez, Cabacasen lagun eta senideek urte «luze eta gogorra» bizi izan dute. Horregatik, «oraindik argitu ez den» ekintza polizial horren aurrean, «egia eta justizia» exijitu zuten.

«Urteak ardura politiko eta judizialen basamortua uzten du bere atzean: ikertzeko borondaterik ez duen fiskal bat, eta gertatutakoa argitu nahi ez duten agintari polizialak», salatu zuten bi bozeramaileek.

Hein horretan, heriotzaren urteurren honek polizia ereduan «inflexio puntua» izan behar duela aipatu zuten. Bide horretan, «aldaketa kualitatiboa» eskatu zuten, «eskakizun edo exijentziez» harago, «subjektu aktibo izanez benetako aldaketa lortzeko».

Aldaketaren bide horretan, Estefania Beltran de Heredia Barne sailburuak aipatutako eredu polizial «gertu eta garden» hori ez dela betetzen ari ohartarazi zuten: «Paperak eta agindutako hitzek dena sostengatzen dute, baina non daude ekintzak?», galdetu zuen plataformak.

Iñigo Cabacas Gogoan plataformak hainbat ekimen egingo ditu egunotan. Alde batetik, bat egin dute lagun eta senideek biharko antolatutako omenaldiarekin. Arratsaldeko 19.00etan izango da, gaztea larriki zauritu zuten tokian, Maria Diaz Haro kalean.

Plataformak berak hainbat ekintza antolatu ditu datorren asteko astearte, asteazken eta ostegunerako. Hiru egun hauetan, «Cabacas auziari» buruzko dokumentala ikusi ahal izango da, musika saioak, mahai-inguru eta hitzaldiak izango dira, Paul Riosen edota Xuban Nafarrete pasa den martxoaren 29ko greban Gasteizen zauritutako gaztearen aitaren eskutik.

Ekimen nagusia hilaren 13an, larunbata, izango da. Manifestazioa 18.00etan abiatuko da Lakuako Gobernuaren ordezkaritzatik, eta Kale Nagusia alderik alde zeharkatuta, Justizia Jauregiaren aurrean amaituko da. Bertan, ekitaldi txikia egingo du Iñigo Cabacas Gogoan plataformak.

Plataformak bestelako salaketa bat ere egin zuen. Azaldu zutenez, atzo egindako prentsaurrekoa Udalaren jabetzakoa den Bolsa eraikinean egiteko asmoa zuten, baina azken orduan Inmaculada Ereñak, Bilboko Parte Hartze arloko zuzendariak, agerraldiari betoa jarri zion.

Bestalde, Iñigo Cabacasen familiak adierazpenak egin zituen ETBn. Fina Liceranzuk, sendiaren amak, gogoratu zuenez, «nire semeari buruaren atzeko partean eman zion ertzainak, diana izan zen, zergatik hil zuten, zertarako?», galdetu zion bere buruari. «Jai giroa zen egun horretan -argitu zuen Liceranzuk- ez zen manifestazioa, ez kale borroka, ezta asanblada ere, jaia zen. Ertzaintzak ezin du horrela jokatu, hori aldatu beharra dago guztion artean».

Arartekoa: «Onartezina»

Iñigo Lamarca arartekoak ere kasuari buruzko iritzia plazaratu zuen. Lamarcaren hitzetan, «ez da onargarria» Iñigo Cabacas gaztearen heriotza gertatu zenetik urtebete igaro denean oraindik erantzukizun administratibo edo politikorik ez izatea, baina prozesu judizialak gertaerak argitzea espero duela gaineratu zuen.

EAEko herritarren defendatzailearen hitzetan, zuzenbideak «ez du behar bezala funtzionatu» basauriarraren heriotzaren kasuan: «Prozesu judiziala amaitzean gertaerak argitzea espero dugu».

EH Bilduk ere prentsa oharra atera zuen, eta EAJri exijitzen dio «Barne Sailak ustez abiaturiko ikerketa bururaino eramateko». Fiskalari ere «ausarki« jokatzeko eskatzen dio, «Cabacasen hilketaren konplize ez bihurtzeko eta balizko presioen gainetik, auzia ebaztea ahalbidetuko duen ikerketa zorrotz eta zehatza burutzeko».

BETOA

Plataformak salatu zuenez, prentsaurrekoa udal jabetzakoa den La Bolsa eraikinean eskaintzeko asmoa zuten, baina azken orduan Inmaculada Ereña Parte Hartze arloko zuzendariak agerraldia betatu zuen.

senideak

ETBn egindako agerraldian, Fina Liceranzuk, Iñigo Cabacasen amak, bere semea «diana» izan zela salatu zuen: «Jai giroa zen, ez manifestazio bat, ez asanblada, ezta kale borroka ere; zergatik hil zuten, zertarako?»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo