Gatazkaren lokatzetan aztarrika gustura dabiltza
Amorraturik, logikaren eta zentzu onaren kontrako norabidean tematuta dabiltza gatazkaren lokatzetan aztarrika gustura sentitzen direnak. Edozein aitzakia baliatuta, zalaparta eta iskanbila eragiten dute bakearen etsai boteretsuek. Azken aldian hizkeraren gaineko kanpaina bortitza antolatu dute, zein hitz esan eta zein ezin den esan. Euskal presoak «preso politikoak» direla esatea, ETAko militanteak «haien kontzientziak bultzatuta» aritu direla edo Euskal Herrian gatazkak utzi dituen heriotzek «motibazio politikoa» izan dutela aipatzea delitu egiteraino. Oker dabiltza, baina, satorrarena egiten, hots, begien truke buztana erosi eta betirako lur azpian bizitzera euren burua kondenatuz. Izan ere, Euskal Herrian denek dakite preso politikoak ez ezik, politiko presoak badaudela. Iritzia emateagatik espetxeratutako edo, alde batekoak edo bestekoak, hildako oro erro politikoa duen gatazka baten ondorio direla. Kontua, hortaz, ez da begien bistakoa dena ikusi nahi ez izatea, gehiago dirudi herri honentzako aukera berri baten esperantza oro lokaztea, gatazkaren fatalismoa betikotu nahi izatea. Bakearen etsaien apustua da hori.
Etsaiengatik gomendioa hartu. Hobe lukete bakearen aldekoek trapu horietan toreatzen ez uztea, herri honek behar eta merezi duen elkarrizketa serio eta helduaren desafioa ardatz, agenda propioari hortzak izerdi eustea.