GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

«Jajaja!»

Ahotsa kenduta izanagatik, keinu egiten duen argi zuriak iragarri dit iritsi dela. Urrutitik ikusi dut argia eta nire zereginetan jarraitu dut. Ontziak garbitzen ari naiz eta, eskuak bustita, amaitu eta lehortu bitartean helduko diodala tentazioari pentsatu dut.

Segidan hasi naiz, ordea, nor demontre izango ote den nire buruari galdezka, zer ote da? Azkenean trapua hartu, eskuak lehortu eta mugikorrera jo dut, dir-dir egiten duen argi zuriaren ostean zer ezkutatzen ote den jakiteko. «Jajaja!». Aurretik beste batek egindako ekarpenari emandako erantzuna baino ez dut topatu mezu berrian. Mugikorra utzi eta berriz ere harraskara inguratu naiz agudo hasitako lanak amaitzeko. Ura zabaldu orduko berriz ere dirdirka hasi da argia setatsu. «Oraingoan ez, oraingoan ez dut begiratuko», pentsatu dut neure baitan egoskortuta; baina, «`hil ala bizikoa' bada?». Ez, ez da halakorik izaten gisa horietako mezuetan, ez behintzat nire inguruan.

Orain artean batzuek baino ordaintzen ez zuten mugikorren arteko `dohainikako' mezu zerbitzuagatik, guztiei urtero kuota bat kobratuko dietela iragarri dute orain gutxi, eta horrek erabiltzaile asko asaldatu ditu. Hura erabiltzen duten guztiak diru hori ordaintzeko prest agertzen badira, diru mordoxka pilatuko dute enpresako arduradunek, baina hasiera batean behintzat norbanako bakoitzari kobratu nahi diotena ez da diru kopuru handia, kafe bat ordaintzeko adina ere ez.

Merkea iruditu edo ez, argi dago `dohainikakoa' jaso duguna -kakotx artean diot, hemen musu-truk hutsean ezer gutxi topa daiteke eta- pagatu behar izatea ez dugu atsegin, baina uste dut teknologia honek harrapatuta gauzkan guztiak erreparo askorik gabe emango diegula eskatutakoa. Pagatu eta berriz ere libre nahi adina mezu bidaltzeko, kontatu beharreko berriren bat izan edo ez.

Egoera oso bestelakoa litzateke, seguru asko, mezuka kobratuko baligute. Pentsatu al duzue inoiz bidaltzen dugun mezu bakoitzeko huskeriaren huskeria kobratuko baligute zenbat mezu eta irudi irrabarretsu ez ote genituzkeen bidali gabe utziko?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo