Koptoen eta musulmanen arteko liskarrak, Egipto ezegonkortzeko estrategiaren baitan?
Kristau koptoen eta musulmanen arteko liskarrek hainbat hildako eragin dituzte eta tentsioak gora egin du nabarmen Egipton azken egunotan. Liskarren jatorria lausoa da, nork bere bertsioa ematen baitu eta denek nahi dute ura beren errotara eraman. NSF Salbaziorako Fronte Nazionalak, oposizioko indar nagusiak biltzen dituenak, Anaia Musulmanei, Mohamed Mursi presidenteari eta Barne Ministerioari egotzi die azken liskarren erantzukizuna; Anaia Musulmanek diotenez, berriz, badira egunero liskar sektarioren bat sorrarazi nahi dutenak, herrialdeak egonkortasunik izan ez dezan. Eta, nolanahi ere den, badirudi herri arabiar nagusia ezegonkortasunetik ez ateratzeko estrategia bat dagoela, herrialde horrek dituen arazo ekonomiko eta sozial handi eta ugariei aurre egiteko behar duen gutxieneko egonkortasuna erdiets ez dezan, alegia.
Hosni Mubarak boteretik bota zutenetik, Egipton arazoren bat konpondu duten aldi berean, beste batzuk sortu izan dira, bai Gobernuaren, bai epaileen, bai oposizioko indar askotariko eta nahasien jarrera dela bitarte. Horiek horrela, zaila gertatzen da liskar horietan guztietan interes ilunik ez sumatzea.