GARA > Idatzia > Mundua

Urdangarinek Qatarrera joan nahi du eta fiskalak ez du galarazteko asmorik

Iñaki Urdangarin espainiar erregearen suhiak Qatarren bizitzeko asmoa adierazi du, bertako eskubaloi selekzioko entrenatzaile taldean lan egiteko. Nahiz eta «Noos auzian» inputatuta egon, Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzak ez du eskatuko atzerrira joan ez dadin neurririk.

GARA | MADRIL

Iñaki Urdangarinek, «Noos auzian» inputatuta dagoen arren, Dohara bizitzera joateko asmoa du, Qatarreko eskubaloi selekzioaren entrenatzaile taldean lan egiteko. Urdangarinek Valero Rivera eskubaloi entrenatzaileak egin dion eskaintza onartzeko prest dagoela adierazi dio espainiar erregeari. Riverak Qatarreko selekzioaren ardura hartzeko aukera du eta, kasu horretan, erregearen suhiarekin lan egingo luke.

«Noos auzian» inputatua izateak ez dio galarazten atzerrira joan eta bertan bizitzea, baina epaiketan parte hartzeko itzuli beharko luke.

Bere emazte Cristina infanta -inputatua ere izan daitekeena- eta seme-alabak Bartzelonan biziko dira oraingoz.

Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzak ez du eskatuko Urdangarin espainiar Estatutik ez ateratzeko neurririk. Jarrera hori bera izan zuen Fiskaltzak 2011n, Urdangarin inputatua izan zenean, garai hartan AEBetan bizi zen-eta. Atzerrian bizi zen arren, ez zion eskatu epaileari inolako neurririk erregearen suhia justiziaren aurrean agertuko zela ziurtatzeko.

Hala ere, iritzi guztiak ez datoz bat. Jose Luis Armengol Madrilgo epaile dekanoaren esanetan, Iñaki Urdangarinek «Noos auziko» epaile Jose Castrori jakinarazi behar dio Espainiatik ateratzeko asmoa duela eta atzerrira bidaiatzeko honen baimena jaso behar du.

Antena 3 telebistari egindako adierazpenetan, Gonzalez Armengol epaileak azaldu du pasaportea kentzen ez badiote ere Urdangarin inputatua dela, eta, ondorioz, «behar diren baimenak instrukzioko epailearenetik pasatu behar dira edo, gutxienez, berari jakinarazi behar dio». «Epaileak nora doan zehazki jakin behar du, izan litekeen epaiketan edo deitutako jarduera judizial guztietan egongo dela ziurtatzeko», gaineratu zuen.

Erregearen alaba

Erregearen alabari dagokionez, bere ustez, itxaron egin behar da azkenean formalki inputatua izango den jakiteko; izan ere Castro epaileak inputatu zuen autoari helegitea jarri dio Fiskaltzak.

Bere iritziz, Baleareetako Probintzia Auzitegiak hilabete barru jakinaraziko du helegite horri buruzko erabakia.

Qatarrek ez du sinatu Espainiarekin bi aldeko estradizio hitzarmenik, baina Nazio Batuen Erakundeko bi hitzarmen aldeaniztun sinatu ditu, ustelkeria eta nazioarteko antolatutako delinkuentziari buruzkoak. Hitzarmenotan beste estatuek eskatutako pertsonak entregatzeko irizpideak jasotzen dira.

erregea eta AEB-ak

Juan Carlos errege espainiarra -garai hartan printzea- AEBetako isilmandataria izan zen Franco diktadorea hil aurreko azken egunetan, WikiLeaks-ek argitaratutako kable diplomatiko berrien arabera eta Publico egunkariak plazaratu duenez. Erregea AEBen aukera nagusia bihurtu zen horrela, Estatu espainola kontrolpean izateko eta bertan base militarrak mantentzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo