Koke Martinez, gerrak erbesteratu eta Britainia Handian artista egin zen nafarra
Koke Martinez artistaren lanak daude ikusgai Donostian, Euskal Herriko Unibertsitateko Carlos Santamaria zentroan. Nafarroan sortu eta 11 urte zituela Britainia Handira erbesteratua izan zen beste 25.000 haur euskaldunekin batera, Gerra Zibiletik ihesi. Haur horien guztien memoria berreskuratzeko lanetan eman zuen bizitza eta egindako lanak EHUk gaiaren inguruko erakusketa bat egin zezan eman zituen. Koke hil da, baina kontatzeko zuena ez.
Nagore BELASTEGI | DONOSTIA
Euskal Herriko Unibertsitatearen Bilboko paraninfotik pasatu ostean, Donostiara ekarri dute «Koke Martinez and the Basque Children of `37» erakusketaren zati bat. 2009an Londresen hil zen Jose Maria Koke Martinez, Cabredon herrian jaio zen, baina beste milaka euskal haurrekin batera Europara erbesteratua izan zen Gerra Zibilaren bortizkeriatik ihesi.
Duela ia 76 urte Santurtzitik atera zen «La Habana» itsasontzian egin zuten bidaia luzea «gerrako haurrak» izan ziren egungo aiton-amonek. Bertatik abiatu zen Southamptoneko porturantz Koke Martinez ere, 11 urte zituela, eta Britainia Handian gelditu zen harrezkero.
Arteari eskaini zion bere denboraren zati handi bat, batez ere margolaritzarako eta irudigintzarako gaitasuna garatzeari, poesia bezalako beste diziplinak ere jorratu bazituen ere.
Bere obra piktorikoa misteriotsua, onirikoa eta surrealista da. Federico Garcia Lorcaren laguna zen Jose Estruch izan zuen maisu, hau ere Britania Handira erbesteratua. Honen eragina agerikoa da Kokeren lanetan: aurpegi anitzeko buruak gizakiaren adinak irudikatzeko «The seven ages» koadroan, adibidez. Animaliak eta gizakiak uztartzen dituen beste artelan multzo bat ere bazuen, Darwinen pentsamenduan oinarrituta («The descent of the man III»), guztietan alaiena.
Artistak sentitzen zuen nostalgia irudikatzen duen paradisu galduen atalean, haurrak eta helduak ageri dira jolasean, lasai, ezerezaren erdian. Baina pertsonaia berezi bat azpimarratzekotan, hori Mimi da, bere musa eta maitalea, txukun eta apain jarrita agertzen dena bere zenbait lanetan. Horiez gain, autoerretratuak ere egin zituen, zeintzuetan haurra zela Euskal Herrian utzi zuen familia atzealdean agertzen den. Izan ere, 1953ra arte ez zen beraiekin berriro elkartu eta gurasoengandik urrun hazteak kendu ezin izan zuen arantza bat sortu zion bihotzean, gerrako beste haur askori bezala.
Donostiara 200 koadroz baino gehiagoz osatutako erakusketaren zati txiki baina esanguratsu bat ekarri dute -30 inguru-, paretetan gehiago zintzilikatzeko lekurik ez zegoelako. Ez dituzte ekarri gerrako haurren bizitzaren berri ematen duten hiru dokumental laburrak, baina artistaren testuingurua ulertzeko adina informazio dago espresuki prestatutako garaiko argazkiz jositako paneletan. Donostiako campuseko Carlos Santamaria zentroan dago ikusgai Koke Martinezen lana maiatzera arte, eta orduan Gasteizko campusera eramango dute.
Artistaren nahia bere lanak irakaskuntza zentroen esku egotea zen, eta hala adierazi zuen bere testamentuan. Britainia Handiko Basque Children of `37 elkarteko diruzain eta artistaren ondarearen zaindari Carmen Kilnerrek erabaki zuen obrak EHUren esku uztea.
Horiek gerraren ondorioz atzerrira joan behar izan zuen eta sekula itzuli ez zen gizon baten ikuspuntua erakusten digute, berak bezala Euskal Herria, etxea, familia... dena utzita atzerrira indarrez joan behar izan zuten beste 25.000 haurren ikuspuntu berbera.
«The niños»
Koke Martinez hil arte gogotsu aritu zen lanean Basque Children of `37 elkartearekin bera bezalako erbesteratuen memoria berreskuratzearen alde. Atzerrian «The niños» izenaz ezagutzen dituztenek identitate baten beharra zuten, ez baitziren ez euskaldunak ez bertakoak. Kokek, ordea, Nafarroa ez zuen ahaztu. Elkartean badago fitxa bat berari eskainia, hil zenean lagun batek idatzitakoa. Bertan ageri da, irribarretsu, txapela beltza, zapi gorria eta alkandora zuria jantzita. Lagunak idatzitakoaren arabera, Kokek zera zioen, «euskal haurrak monumentu historikoak gara», eta horregatik euren istorioak ez dira sekula desagertuko.
Elkartearen helburu nagusia Britainia Handian zehar dauden eta Euskal Herrira itzuli ziren «The niños» guztiak identifikatzea eta elkartzea da, komunean duten esperientzia lau haizetara zabaltzeko. Honela, gai honi buruzko argazki, eskutitz, dokumentu, film, abesti, poster, testigantza eta artelan guztien artxibo bat sortu eta babestu nahi dute gaur egungo zein etorkizuneko ikasle eta akademikoek deserrian bizi izan zirenen bizitzak ikertu ahal izan ditzaten.
Duela hilabete egin zuten aurkezpena Bilbon eta maiatzean Gasteizen izango dira atzo Donostian Koke Martinezen obraren berri eman zutenak. Carmen Kilner Basque Children of `37 elkarteko zuzendariak, adibidez, gertutik ezagutu zuen Koke, berarekin lanean aritu zelako. «`Coque' zen pintatzen zuenean, `Koke' idazten zuenean eta `Koque' eskulturara jo zuenean. Idealista zen, aurreiritzirik gabea», aipatu zuen irribarrea ahoan. Kilnerren esanetan, artista oso harro eta pozik egongo zen bere obraren parte bat EHUren esku dagoela jakingo balu. «Bilduma handi bat dago Cambridgeko unibertsitatean -miresten zuen Darwinek bertan ikasi zuen-, eta orain beste bilduma handi bat dago bere herriko unibertsitatean».
Josu Rekalde Arte Ederretako Fakultateko dekano eta erakusketaren komisarioak azaldu zuen pieza guztiak Donostiara eramatea ezinezkoa zela, baina Carlos Santamaria zentroan ikusgai dauden lanak interpretatzea posible dela artistaren testuingurua ezagututa. Gasteizen, ordea, 200 koadroak izango dira, baita hiru dokumentalak ere. N.B.