Julen Zulaika Askapenako kidea
Iraultza babesteko hamaika arrazoi
Venezuelak orain arte zerbait argi izan badu internazionalismoaren beharra da. Iraultza bolivartarraren ezaugarri garrantzitsua da berau dudarik gabe, bere sorreratik gaurdaino
Venezuela edo prozesu bolivartarraren lorpen eta aurrerapausoen inguruan, askotan aritu gara eta nonahi aurki daitezke iritzi, hausnarketa eta ondorio aski esanguratsuak, betiere prozesuari zilegitasuna emate bidean. Gaurkoan ordea, igandeko hauteskundeak eta Chavez komandantearen gertuko heriotza direla medio, Venezuelako prozesua zergatik babestu izan dugun eta babesten jarraitu behar genukeen azpimarratzea dagokigu, elkartasunaren arrazoiak eta zergatiak azaleratuz.
Hamaika urte dira Venezuelara brigadak antolatzen ditugula, bi herrien arteko zubiak eraikitzen gabiltzala. Garrantzitsua da oso guretzat, Venezuela bolivartarra, Venezuela gorria, bertatik bertara ezagutu eta babestea. Hain zuzen, dominazio sistema, sistema kapitalista-inperialista zalantzan jartzen duelako, bere jardunean, inperioari aurre egiten ahalegintzen delako.
Honexegatik diogu, Venezuelarekiko elkartasunak maila estrategikoa duela, ez da unean uneko erabaki bati lotzen zaion irizpidea, ezta izaniko hanka sartze, barne kontraesan edo erritmoen gorabeheretara mugatzen; sozialismorantz eta utopiarantz bidelagun paregabea dugu berau.
Bigarrenik, iraultza bolivartarrak argi eta garbi erakusten digu estatu bat izatea ez dela aski herri baten subiranotasuna bermatzeko. Abya Yalan adibide paregabeak ditugu, bi mendetik gorako independentzia oraindik kakotx artean jarri beharrean gauden heinean... atzerriko interes ekonomiko, transnazionalen eta bertako burgesia titereen mende dauden bitartean. Mendeak joan, mendeak etorri, estatuak, estatu izaten jarraitzen du, herria ordea saldua aurkitzen da, ez du egiazko subiranotasunik, ez nazio askapen, ez askapen sozialik. Adibide ugari topatu ditzakegu inperioaren periferian Abya Yalan bezala Afrikan edo Asian, hala nola, baita inperioaren erdigunean bertan ere, egun EBren barnean esaterako, azken urteetako agintari zenbait Europar Bankuek ezarri dituztela kontuan hartuz.
Honegatik, herri baten subiranotasuna, osotariko askatasuna izango bada sozialismoaren bidetik izango da. Sozialismoak botere politiko, ekonomiko edo kulturala herritarren mesedetan eta herriaren eskuetan egotea esan nahi du. Bitartean muga zenbait aldatu ditzakegu, banderei koloreak aldatu, baina Venezuelan egiten ari diren bezala sozialismoaren bidea da benetako independentziarako bide bakarra.
Inork ez dezala uste, baina, sozialismorako bide hau, askapen prozesu egiazkoa, traba edo eraso gabea izango denik. Honela, kanpoko nahiz bertako burgesien interesak kontrajartzean, munstro eta makineria zital honi aurre egiteko beharrezkoa da herri boterea. Venezuelan sortzen ari diren bezala, auzo, lantegi, nekazaritza eremuetan, komunikabide, ikastetxe edo kaleetan antolakuntza bultzatuz, auto eraketa bermatu eta herriari boterea emanez.
Herri botere honen egitekoa bikoitza da, batetik, prozesua bera elikatu eta sortzen joan behar du, batzarretan parte hartuz, eztabaidatuz, formatuz, autokritika bideratuz. Bestetik ordea, erasoen aurrean edo desestabilizazio saiakeren aurrean prozesua bera defenditu behar du. Erasoei aurre egin eta hortzak erakutsi. Horregatik, bi egiteko horiengatik herri boterea beharrezkoa da ongi landua eta bideratua egotea,Venezuelan bezala gurean, prozesu iraultzailea ez dadin bere kasa gera, ez dezaten gera.
Azkenik, Venezuelak orain arte zerbait argi izan badu internazionalismoaren beharra da. Iraultza bolivartarraren ezaugarri garrantzitsua da berau dudarik gabe, bere sorreratik gaurdaino.
Horregatik sortu diren nazioarteko egitasmo askok eta askok herrien arteko elkartasunean dute geltoki: ALBA, Kubarekiko harremanak, palestinarren aldeko egitasmoak. Jakitun dira sozialismorako bidean, bidelagunak beharrezko dituela, kontrabotere honek mundu mailakoa behar duela izan izango bada. Internazionalismoaren bitartez, prozesua bera aberastu, babestu eta haziak ereinez, etorkizuna egun zapalduak gauden herriona, herri langileona, emakume eta gizonena izan dadin.