Sudango presidentea Hego Sudanen izan da, independentziatik lehen aldiz
Sudango presidentea, Omar Hasan al-Bashir, atzo iritsi zen Jubara, Salva Kiir presidentearekin elkarrizketatzeko. Bisitaren garrantzia nabarmendu zuen Khartumek, 2011ko independentzia aldarrikapenaren ondoren Hego Sudanera doan lehenengo aldia baita.
GARA | JUBA
Omar Hasan al-Bashir presidente sudandarrak Hego Sudanera bisita egin zuen atzo, lehen aldiz herrialdeak 2011ko uztailean independentzia aldarrikatu zuenetik. Khartumgo Gobernuaren bozeramaile Ahmed Otmanek bidaia horren garrantzia nabarmendu zuen. «Bisita egiteko unea egokia da», adierazi zuen.
Hego Sudango presidentearekin, Salva Kiirekin, elkarrizketatu zen Al-Bashir, bi herrialdeek iazko irailean Etiopiako hiriburuan sinatu zuten lankidetza hitzarmenaren gainean.
Oraindik adostu beharreko zenbait kontu daude, hala nola bi herrialdeen arteko mugak, segurtasuna eta petrolio ekoizpena -erreserbak hegoaldean dauden arren, petrolio-findegiak iparraldean daude-.
Sudango presidentearekin batera, bere gertuko laguntzaileak, Kanpo Harreman, Defentsa, Petrolio eta Barne ministerioetako arduradunak, zerbitzu sekretuen burua eta beste goi kargu batzuk joan ziren.
«Bi herrialdeen artean oraindik dagoen mesfidantza gainditzea da egun bakarreko bidaia honen helburua. Sudanek hitzartutakoa betetzeko borondate politikoa duela islatu nahi du Al-Bashirren bisitarekin», adierazi zuen Otmanek.
«Lankidetzari bide eman ahal izateko, beharrezkoa dugu gure arteko harremanak normaltzea. Hori da nire asmoa», plazaratu zuen Al-Bashirrek. Ildo berean mintzatu zen Hego Sudango presidentea. Kiiren hitzetan, elkarrizketa da gatazkak konpontzeko bide bakarra.
Aire erasoa, Kordofanen
2011ko uztailaren 9an independentzia aldarrikatu zuenetik ohikoak izan dira bi herrialdeen arteko liskarrak. Pasa den martxoan, desmilitarizatutako zona bat eratu zuten eta bestearen kontra jarduten duten talde armatuei sostengua emateari uko egin zioten.
Bestalde, Kaduglin, Hego Kordofaneko hiriburuan, Sudango Herriaren Askapenerako Mugimenduko iparraldeko adarraren (SPLM-N) gerrillari taldeari leporatu zioten aire eraso batek bi pertsona hil eta beste zortzi bat zauritu zituen.
«Hiriburuaren ekialdean hiru obus etxeen gainera erori dira suteak eraginez», azaldu zuen herritar batek. Bere etxea bonbardatutakoen artean zegoen.
Hego Kordofan Sudango estatu estrategiko garrantzitsuena da, petrolioan oso aberatsa baita. Armadarekin liskarrak duela bi urte hasi ziren.
Beste lau preso politiko askatu zituen atzo Sudango Gobernuak. 15 urteko zigorra zuten. Al-Bashir presidenteak amnistia iragarri zuenetik, apirilaren 1ean, 11 preso kaleratu dituzte.