GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Berezkoen Binakakoa

Lanbert anaiak elkarren aurka, finalerdietan

Laurentek, Bonebeltxe izango du lagun atzean, eta Ximunek, berriz, Larretxea izango du kide, aurrean. Bihar, 18.00etan, neurtuko dira Baigorriko trinketean.

p050_f01_148x112.jpg

Jon LEUNDA

Bihar ziren jokatzekoak Baigorrin Berezkoen Binakako Txapelketako bi finalerdiak, baina azkenean bakarra jokatuko da, eta bestea datorren larunbatera atzeratu behar izan dute.

Sorhuetek eta Ducassou II.ak Waltariren eta Harizmendiren aurka jokatu behar zuten kanporaketa da jokatuko ez dena. Kubakoak eskuetako hatz batean arazoak ditu, eta ez dago jokatzeko moduan. Finala apirilaren 28an jokatuko dela kontuan hartuta, eta tartean astebeteko atsedena zegoela, aste bat atzeratzeko erabakia hartu du federazioak, eta apirilaren 20an jokatuko da Senperen.

Hala ere, bihar 18.00etatik aurrera jokatuko den norgehiagoka oso erakargarria da, Lanbert anaiek elkarren aurka jokatuko baitute. Honelakoetan bi anaia elkarren aurka ikusteak beti pizten du ikusmina, eta Baigorriko trinketeko harmailak itxura bikaina izango du.

Laurent, aurrelariak, Bonebeltxe izango du atzean, eta gazteak, Ximunek, Larretxea izango du aurrean, gibelekoa baita Lanbert anaietako gazteena.

Partida oso erakargarria izango da, baina Ximun Lanbert izango da faboritoa. Lehen fasea oso ona egin du Olivier Larretxea beteranoa lagun duela. Partida bakar bat galdu zuten lehen fase horretan, eta hori Sorhueten eta Ducassou II.aren aurka galdu zuten. Horrek finalerdiak zuzenean jokatzeko txartela eman zien, eta pasa den astean atseden hartuta, indar handiarekin kantxaratuko dira.

Ezustea

Laurent Lanbert eta Bonebeltxe, berriz, ezuste handia emanda iritsi dira finalerdietara. B multzoan jokatu zuten lehen fasea, multzorik zailenean, izan ere, hortik azkeneko biek lehiaketa utzi behar baitzuten, eta lehen biak final-laurdenak jokatzeko sailkatzen ziren.

Final-laurdenetan, Etxeberriren eta Etxetoren aurka jokatu zuten. Hauek ziren irabazteko faborito nagusiak, eta partida osoan zehar aurretik joan ziren, baina azken txanpan, Lanbertek eta Bonebeltxek atzetik etorri, harrapatu, eta garaipena erdietsi zuten, finalaren atarikoa jokatzeko txartela lortuz.

Biharkoan ere ez dira faborito aterako, baina galtzeko ez daukate ezer. Finalerdietan egotearekin helburuak bapo bete dituzte, eta galtzeko gutxirekin, eta lasaitasunarekin ezustea ematera joango dira.

Beste aldean, Larretxeak oso ongi dagoela erakutsi du. Aurrean min handia egiten du, eta baita sakearekin ere. Ximun Lanbert ere oso indartsu dago, atzean agindu egiten du, eta gibelean nagusitzeak garrantzi handia izango du.

Faboritoak

Larretxea eta Ximun Lanbert sekulako txapelketa egiten ari dira, eta beraiek izango dira bihar irabazi eta finala jokatzeko txartela lortzeko faboritoak.

Bestea

Waltarik eta Harizmendik bihar jokatu behar zuten Sorhueten eta Ducassouren aurka, baina astebete atzeratu da, eta apirilaren 21ean neurtuko dira Senperen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo