KRONIKA | SUTEA BERMEOKO ALDE ZAHARREAN
Errautsek utzitako saminaren gainetik, aurrera egiteko gogo nabarmena
Egunak gris argitu zuen atzo Bermeon. Goibel. Auzokideen aldartea bezala. Atzo jasandako kolpea ez da soilik eraikinen etxaurre beltzetan nabaritzen. Gazte eta nagusien aurpegiek ere garraztasuna eta nekea erakusten dute. Egunak luzeak eta gogorrak izango dira hemendik aurrera. Halere, esperantzarako tartea ere badago herrian. «Aurrera egingo dugu, irtengo gara», diote denek.
Mikel PASTOR
Sollubetik behera errepideko bihurgune estuak igaro, portura gerturatu eta ingurura so egitean, Bermeo aldatuta dagoela ikus daiteke. Ahulduta bezala, tristatuta. Herri arrantzaleetan berehala usnatu ohi den bizitasuna eta jardun etengabea dena grisez estali duen mantu goibelak isilarazi du.
Ez da gutxiagorako. Alde zaharra, bihotza, tarteka kontsumitu zuen sugarrak ondorio latzak utzi ditu. Eta ez bakarrik alde materialean. Auzokideek ere erraietaraino sufritu dute azken ordu hauetan.
Alde zaharrera gerturatzen garen heinean are nabarmenagoa da samintasun sentimendu hori. Erretako eraikinen hondakinei begira jende andana, baina beraien artean hitz gutxi trukatuz. Sutearen eguneko adrenalinak, ezusteak eta beldurrak hurrengo jardunaldiko errealitate krudel eta gordinari egin diote bidea. Gertatutako hondamendiaren benetako tamainaz jabetzeko ordu gogorra.
Baina dena ez da atsekabea. Giro nahasiaren gainetik, norbanakoengan esperantza igartzen da haiekin hitz eginda. Kolpea jasota, bai, baina esperantza bizirik, eta inoiz baino erneago. «Gertatutakoa oso gogorra izan da, eta herriarentzat kolpe latza izan da, baina aurrera aterako garela ziur nago. Hori da hemengo familiek nahi duguna. Egoera baretzea, eta lasaitasunera eta gure egunerokotasun lasaira itzultzea», dio hondakinei begira dagoen agure batek.
Auzokideekin bi hitz gurutzatuta, argi ikusten ditugu suak utzi dituen bi ondorioak. Tristura eta atsekabea, batetik, baina esperantza eta borrokarako grina bestetik. Horren eredu garbia Maria da, udaletxeko plazatik gertu bizi den etxekoandrea: «Ia hasieratik ikusi nuen sutea. Hasierako auzokideen nora eza, geroko beldurra... Oso gogorra izan da denontzat. Denok ezagutzen dugu eraikin horietan eta hortik gertu bizi den norbait. Nire kasuan, gertuko lagunak etxea, pisua galdu du, dena galdu du». Egoera latz horri heldu dio gero: «Zer esan behar diot nik etxea galdu duen norbaiti. Oso zaila da harengana jotzea eta zerbait esatea. Orain egin ahal dugun bakarra da animoak ematea, eurekin egotea, eta posible den neurrian, epe laburrera irtenbide bat aurkitzea».
Kazetariak, jomugan
Udaletxetik gertu giroa guztiz ezberdina da. Sutea piztu zenetik, ingurua kazetari eta kameren topagune ofizial bihurtu da. Komentarioak, elkarrizketak, azken orduko oharrak, giroaren inguruko balorazio subjektiboak... Gure mikrokosmos propioa. Inguratzen gaituen errealitatea, ordea, bestelakoa da. Lehendabiziko ohartarazpena emakume bati galdera egiterakoan jaso dugu: «Etxea galdu berri dut, ez dut deklaraziorik egin nahi». Logika ardatz. Kazetariaren lanbide honen inguruko hausnarketa geure baitan.
Gertu dagoen bikote gazte batek egin digu bigarrena, berrespen modukoa: «Hainbat hedabidetako kazetariak titular bila etorri dira hona, mina eta amorrua morbo guztiaz kontatzera. Hemen gertatutakoa tragedia bat da, ezin da honekin sentsazionalismoa egin, ez da bidezkoa. Zenbait komunikabideren jokabidea nazkagarria izan da».
Tartean Maite Alvarez, Udaleko Euskara Saileko arduraduna harrapatu dugu. Nekea aurpegian, begi-zuloak agerian, Idazkaritza, Langileria eta Euskara Sailetako dokumentu guztiak mugitu behar dituztela kontatu digu.
Zehaztu duenez, udaletxeko teilatura iritsitako suak zenbait kalte eragin ditu, eta arlo horiek lantzen dituzten bulegoak ezin dira erabili. «Momentuz Kultur Etxera eramango dugu material guztia. Dokumentuak, materialak, dena mugitu behar dugu. Oso nekagarria da, ordu gutxi egin dugu lo, baina ezin gara inola kexatu, zenbait auzokidek etxea galdu dute, gu baino askoz txarrago daude».
Udala, esker oneko
Eguerdiko hamabiak pasata Idurre Bideguren, Bermeoko alkatea, agertu da plazan. Bere alboan, Unai Rementeria, Bizkaiko Aldundiko bozeramaile eta Lehendakaritza diputatua. Biak ala biak aurpegiera serio, nekea nabarmen, baina itxaropentsu.
Bidegurenek hartu zuen hitza. Esker ona agertu zuen egunotan esku hartu duten erakunde eta norbanako guztienganako. Kaltetuentzat ere izan zituen hitzak, jarrera eredugarria izan dutela nabarmenduz.
Alkateak adierazi zuenez, bizitakoak «inpotentzia eragin du, negar egiteko gogoa, sentsazio asko izan ditugu». Halere, esperantzarako eta lanerako mezua zabaldu zuen: «Benetako sua amatatzea hemendik aurrera tokatzen zaigu».