«Errealitatea fikzioan urtzen da, azukre koxkor bat kafean urtzen den bezala»
Idazlea
Ogibidez Nafarroako Administrazioan itzultzailea da Mikel Taberna (1957). Ikasketez, ordea, biologoa da. Bertsotan gai-jartzailea izan da zenbaitetan eta aurkezle moduan ere aritu da. Hala ere, idaztea da bere afizioa eta jada lau liburu kaleratu ditu. «Mendearen ilunabarrean» poesia bilduma eta «Errege eguneko panpina» eta «Txokolatezko dinamita» ipuinen ostean, «Alkasoroko benta» nobela dakarkigu.
Nagore BELASTEGI | DONOSTIA
Alkasoro Lesaka eta Bera artean dagoen herri txiki bat da Mikel Tabernaren irudimenean. Herri txikietan gertatu ohi den bezala, denek ezagutzen dute elkar, eta azokan elkartzen dira kontu-kontari. Martin Irazoki da «Alkasoroko benta» (Susa) nobelako protagonista, bere begiekin ikusitakoak kontatuz herri batean eta garai batean gertatutakoen berri emango diguna.
Eman berri duzun hau ez da ohiko nobela bat. Zein egitura dauka?
Martin Irazoki pertsonaiaren bizitza da ardatz nagusia, bere haur eta gazte denbora kontatzen da batetik, baina aldi berean garai hartako bizimoduaren bertze barne istorioak kontatzen dira. Euskal Herriko herri txiki bateko 60 eta 70eko hamarkadetako komunitate baten erretratu bat egin dut.
Nostalgia sortu nahi al duzu?
Ez, ez da nostalgia ariketa bat. Egia da garai hartako zenbait pertsonaia oso maitagarriak zaizkidala; oso ezaugarri bereziak zituztenak, ez estereotipatuak, eta errepikaezinak zirenak, eta horiek kolorea ematen zioten bizitzari. Nobelan islatu nahi izan ditut. Nostalgiarik ez daukat, baina garai hartako bizimoduari badiot maitasuna.
Era berean, garrantzitsua da mundu zaharra eta mundu berria alderatzen ditudala. Mundu berri horrek nobelan garrantzia handiagoa du mundu zaharrak baino. Nire asmoa gertaera zehatz batzuk jakitera ematea da.
Benetan gertatu zirenak?
Lehenengoa Lesakako baserri batean gertatu zen. Guardia zibil batek kontrabandista bat hil zuen, baina kontrabandoa egiten ari ez zenean. Kalean aurkitu eta odol hotzean tiro egin zion.
Bigarren gertaera 19 urteko bi gazteen hilketa da. Doneztebeko Bordatxo dantzalekuan zeuden festan, liskar arrunt bat gertatu zenean. Bertan paisanoz zegoen guardia zibil batek, mozkor, pistola atera eta hil egin zituen. Ez zituen pertsona gehiago hil arma ataskatu zitzaiolako.
Biktima baten arreba ezagutzen duzu. Istorioa eraikitzen lagundu dizu horrek?
Berak kontatutako zerbait erabili dut nire nobelan, baina gertaerari buruzkoa fikzioa da. Oso ondo oroitzen da 76ko azaroko egun horretan urtebetetze bazkari bat izan zutela, eta arratsaldean mutila lagunekin diskotekara joan zela. Uste dut, gainera, lehen aldiz joan zela bertara, eta ez zen itzuli. Istorio hori kontatu nahi nuen Baztan, Bortziriak eta Malerrekako gazteak joaten zirelako dantzatoki hartara eta jende guztiari, bereziki gazteei, asko eragin zielako.
Zuri ere asko eragin zizun.
Nik 19 urte nituen, beraiek bezala, eta dantzatoki horretara joaten nintzen, egun horretan bertan ez negoen arren.
Zergatik kokatu duzu istorioa Alkasoron, fikziozko herrian?
Alkasoro aurretik idatzitako narrazioetan ere agertzen da. Bortzirietako seigarren herria dela diot. Fikzioaren abantaila ematen dit: nik nahi dudan bezalakoa da eta nahi dudana gerta daiteke.
Beraz, errealitatea eta fikzioa nahasten dituzu?
Idazleak ideiak bere oroitzapenetatik, irakurri duenetik, entzun duenetik... ateratzen ditu. Kasu honetan errealitatetik hartu dudana fikzioan urtzen da, azukre koxkor bat kafean urtzen den bezala. Garrantzitsuena ez da gelditzen den kafe horretan, errealitate horretan, zenbat fikzio dagoen, baizik eta zein zapore duen. Inportantea da sortzen diren istorioak gustagarriak eta entretenigarriak izatea. Jakin behar da errealitateak lan literario gisa balio duen edo ez.
Gorka Arrese editoreak Harkaitz Canoren «Twist» nobelarekin alderatu zuen. Ba al du antzekotasunik?
Motibazioetan. Lasa eta Zabalarena gertatu zenean Harkaitz oso gaztea zen, baina gerora gorpuak agertzen zireneko istorioak barrenean gelditu zitzaizkiola esan izan du. Denbora bat eman zuen istorio hori bere buruan bueltaka, kontakizun bat garatu zuen arte. Nire kasuan ere horrelako zerbait gertatu zen, batez ere Doneztebeko hilketak gertatu zirenean. Hunkitu egin ninduten eta denbora luzean eraman dut nire baitan gertakizun mingarri hura. Argi nuen noizbait nire idazkietan atera behar zela.
Poesia eta ipuinak egin dituzu orain arte, eta lehen nobela duzu «Alkasoroko benta» . Estiloz aldatzeko gogoa al zenuen?
Istorio hau kontatu nahi nuen, eta aldez aurretik nobela izatea pentsatu ez banuen ere, honela atera zen. Narrazio labur bat baino gehiago egiteko gaia zen, eta azkenean forma hau hartu du.
«Euskal Herriko herri txiki bateko 60 eta 70eko hamarkadetako komunitate baten erretratu bat egin dut»
«Baztan, Bortziri eta Malerrekako gazteak joaten ziren dantzatoki hartara. Gazteei, bereziki, asko eragin zien gertaerak»