GARA > Idatzia > Kultura

Tatcherren heriotzan (I)

Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria

Margaret Tatcherren heriotzaren berri izan eta berehala, Hanif Kureishiren «The Buddha of Suburbia» (1990) etorri zait burura, «berunezko damaren» agintaldiaren alderdi ilunetako batzuk (arrazakeriaren sistematizazioa, klase gatazka) ezin hobeto islatzen dituelako. Jatorriz, pakistandar-ingelesa da Kureishi, eta horrek, bi kulturen kide izateak alegia, buruko min dezente sorrarazi zizkion nerabe zenean, bai jaioterrian, Ingalaterran, bai aitaren familiakideen artean. Literaturari esker izen bat irabazi zuenean, Pakistaneko familiak hoztasunez jaso zituen bere lorpenenak. Anbizio falta aurpegiratu zioten, baina jarraian idazlearen jarrera justifikatzera jotzen zuten, bera ez baitzen pakistandar osoa, Ingalaterran jaiotako «beltza» baizik. Gainera, ama zuria zuen, ingelesa. Argi zegoen Pakistanera familia bisitatzera joaten zenean Kureishi arrotz sentitzen zela; ez zuen hango bizimoduarekin konektatzen. Baina senide zorrotz haiek ez zekiten beste horrenbeste gertatzen zitzaiola Ingalaterran. Ingurukoek, eskolako maisuek zein bizi zen langile auzoko zuriek, uneoro gogora ekartzen zieten etorkin pakistandarrei ez zirela ingelesak.

«Hasieran, nire jatorri pakistandarra ukatzen saiatu nintzen. Gainerakoen modukoa izan nahi nuen», dio egileak. Alabaina, Tatcherren agintea sendotuz joan zen heinean, eta xenofobia indarra hartzen zihoan neurrian, Kureishik ulertu zuen egoera horretan jarraitzekotan, ingelesek sekula ez zutela onartuko. Berdin zuen bere azalak sor zezakeen nahasmena; barru-barrutik bi kulturen kide sentitzen zen bera. Ezin zuen bien artean aukeratu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo