GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Billabong XXL izendapenak: Axi Muniain hautagai, erorketa bortitzen kategorian

Aurtengo Billabong XXL sariketan bost kategoria desberdin daude. Kategoria bakoitzean gehienez bost surflari izaten dira hautagaiak eta horietatik bakar bat izendatzen dute irabazle. Axi Muniain erorketa bortitzen kategoriako hautagaietako bat da.

p052_f01_97x244.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Axi Muniain zarauztarra XXL izendapenetan hautatua izan da aurten ere, baina oraingo honetan Portugalgo olatu erraldoi batean izandako erorketa arriskutsua izan da epaileek gehien balioetsi dutena.

XXL izendapenak

Billabong XXL izendapenak surfaren Oscar sari banaketa gisa ezagutzen dira. AEBetan egiten den luxuzko ekitaldi batean aurreko 12 hilabeteetan munduan zehar hartu diren olatu handienak saritzen dira. Sari banaketetan aurkezpen lanak pertsonaia famatuek egin ohi dituzte. Aurtengoan, Tony Hawk skaterra, Tito Ortiz borrokalaria, zein Metallica eta Incubus musika taldeetako kideak ibili ziren aurkezle lanak egiten.

Epaileek jasotako irudiak sailkatu eta horien artean batzuk hautatzen dituzte lehen itzulian. Bigarren itzulian, berriz, finalean zeintzuk izango diren erabakitzen dute. Finalerako hautagaiak normalean Los Angelesen egiten den ekitaldira gonbidatuak izaten dira eta ekitaldian bertan ematen dituzte aditzera irabazleen izenak.

Surfaren industrian lan egiten duten kide, surflari eta surflari ohiak dira epaileak, 250 guztira. Kategoria bakoitzeko irabazlea zein den erabakitzeko iritzi anitz izaten da, beraz.

Kategoria batzuek besteek baino ospe handiagoa dute. Urteko surflaria, tubo handiena edo arraun eginda hartutako olatuaren izendapenak kasu. Hori sari gisa ematen den diru kopuruan ere ikusten da. Bost kategoria nagusiak honakoak dira: urteko surflaria, arraun eginaz hartutako olatua, olaturik garaiena, tubo handiena eta erorketa ikusgarriena.

Kategoria bakoitzean bost irudi dira aukeratuak, beraz irudia da antolatzaileek kontuan hartzen dutena, eta ondorioz, kategoria berean birritan hautatua izan daiteke surflari bera.

Iaz, lehen aldiz europar batek lortu zuen XXL sari bat irabaztea. Benjamin Sanchis frantsesa izan zen, Belharran (Urruña) hartutako olatu bati esker izan zen. Tow-in modalitatean (motoaren laguntzaz hartutako olatua) jaso zuen olatu handienaren saria.

2013ko hautagaiak

2013ko XXL izendapenetarako hautatu dituzten surflarien artean bada behin eta berriz errepikatzen den izen bat, Shane Dorian. Hawaiiarrak lau kategoria desberdinetan lortu du bere hautagaitza.

Olatu handien XXL hautaketetan sari bat baino gehiago jaso ditu Dorianek. 2006an, esaterako, tubo handienaren saria jaso zuen Teahupoko olatu erraldoi batean tow-in bidez hartutako tubo bati esker. Baina, lorpen garrantzitsuena iaz lortu zuen, arraun eginda Jaws-en hartutako olatu batekin bi sari lortu zituen, tubo handienaren saria eta arraun eginaz hartutako olatu handienaren saria.

Aurtengoan, faboritoetako bat Garrett McNamara zen, Nazaren sekulako olatua hartu baitzuen, baina Garrettek hautapenetan ez parte hartzea erabaki zuen, babesleen artean alkohol markak daudelako.

Muniain hautagai

XXL izendapenetarako lehen hautagai europarrak Ibon Amatriain eta Mikel Agote izan ziren 2006. urtean. Tow-in kategorian lortu zuten izendapena, Planeixan hartu zuten olatu erraldoi bati esker.

2007an berriro jaso zuen hautagaitza bikote gipuzkoarrak, orduko horretan, Igeldo inguruan dagoen Agitiko olatu arriskutsu batean lortu zituzten irudi ikusgarriei esker.

2009an izan zen hautagai gehien. Aritza Saratxaga sopelarra (Isla Panchako olatu bat), Oier Illarramendi (Izuztarriko olatuan), Ibon Amatriain eta Mikel Agote izendatu zituzten, baina ez zuten lortu finalerako hautatuak izatea.

Urte berean Axier Muniain izan zen emaitza onenak lortu zituen euskalduna. Lehen fasea gainditu eta bi modalitatetan (tow-in eta arraun eginda hartutako olatua) finalera iristea lortu zuen. Gainera, bi kategoria desberdinetan finalera iristen zen lehen lehiakidea izan zen.

Aurten, Nazareko (Portugal) olatu erraldoi batean izan zuen erorketa izan da epaileek kontuan hartu dutena.

Hautagaitza honek ezustean harrapatu du zarauztarra: «Olatu handien kategorian hautatuko ninduten itxaropena nuen, baina ez zen horrela izan eta jada ahaztua nuen izendapenen kontu hau. Erorketen kategorian hautatu nautela jakin dudanean sorpresa hartu dut, ez nuen espero. Gustura hartu dut noski, baina ez dut aurrekoetan adina gozatu, esan bezala, olatu handien kategorian hautatua izateko itxaropena bainuen».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo