GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

XXL izendapenak eta neurtzeko irizpideak

McNamarak lehiaketa utzi ostean, denen ahotan zen Axi Muniain. Askok, XXL izendapenetarako hautatua izango zela pentsatu genuen, baina ez zen horrela izan Bitartean, erorketen atalean bada ere, Surfline.com webgunean sartu, eta klik eginda bozkatzen dut, «Axi Muniain, Basque Country» jartzen duen karratutxoaren gainean

Surflari Ernegatua

Aurtengo XXL izendapenak apur bat polemikoak izaten ari dira. Lehenik Garret McNamararen olatuaren inguruko eztabaida sortu zen. Ea egiaz esaten zutena bezain handia zen Nazaren hartutako olatu hura, benetan orain arteko handiena ote zen eta abar. Gero, behin epaileek olatu handienaren izendapena eskuratzeko hautatu zutenean, McNamarak ez parte hartzea erabaki zuen, lehiaketako babesleen artean alkohol marka bat zegoela argudiatuta. Eta azkenik Axi Muniainekin gertatu dena hartu behar da kontuan.

Zer gertatu da zarauztarrarekin? McNamarak Portugalen olatu erraldoi hura hartu zuen egunean Axi Muniain ere urautsian zen, eta hawaiiarrarekin batera olatu handienak hartu zituen surflaria izan zen. Beraz, behin McNamarak lehiaketan ez zuela parte hartuko iragarri ondoren, denen ahotan zen Axi Muniain. Askok, eta ziur aski berak ere bai, XXL izendapenetan hautatua izango zela uste genuen, baina ez zen horrela izan.

Urtarrilaren 28ko itsaski hartan McNamararekin tow-in egiten zebilen hawaiiarra hautatu dute Axi Muniainen ordez. Keali'i Mamala, Haleiwako surflariaren olatua handia da, bai, baina ez da hautatua izateko adinakoa. Zergatik? Ba olatua baino uhina delako, alegia, lehertu bezain laster desagertzen den horietakoa da. Interneten ikus dezakezue.

Bi aste beranduago ordea, jada kategoria guztietako lehiakide hautatuak aurkeztu zituztela uste genuenean, hara non agertzen den Axi Muniainen izena. Erorketa bortitzen kategoriako hautatuen izenak oraindik aurkeztu gabe zeuden, eta inork gutxik espero zuen horien artean Axi Muniain egotea, besteak beste, Muniainek berak ere, bere erorketari baino, bere lagun Jeromek izandako erorketari garrantzi handiagoa ematen ziolako.

Zantzu guztien arabera, beste kategorietan Muniain hautatu ez zutenez, nonbait bere izena txertatu beharrean ziren antolatzaileak, eta erorketen kategorian sartu dute. Itxura hori du aferak.

Ez dakit antolatzaile eta epaileek olatua neurtzeko erabiltzen dituzten irizpideak zeintzuk diren. Olatuaren altuera soilik hartzen duten kontuan, olatuaren intentsitate edo formari erreparatzen dioten, eta ezta neurtzeko sistema zein den ere. Baina, lehiaketa garbia izateko, irizpide horiek ere garbi azaldu beharko lituzketela uste dut.

Bitartean, erorketen atalean bada ere, Surfline.com webgunean sartu eta ikusleok botoa emateko dugun aukeraz baliatzen naiz. Klik egiten dut, gustura, «Axi Muniain, Basque Country» jartzen duen karratutxoaren gainean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo