GARA > Idatzia > Euskal Herria

II. Errepublika eta fusilatuak gogoan, ekitaldi ugari izan da Euskal Herrian

p015_f01_148x108.jpg

GARA |

Estatu espainoleko II. Errepublika aldarrikatu zeneko urteurrenarekin bat eginez -1931eko apirilaren 14a- ekitaldi ugari izan dira asteburuan zehar Euskal Herriko hainbat udalerritan. Nafarroan, jendetsuenetako bat izan zen atzo, Iruñeko Ziudadelan, duela zazpi hamarkada bertan fusilatu zituzten 300 lagunen oroimenez.

Errepublikaren aldeko ikurrez beterik, une hunkigarriak bizi izan ziren hildakoen senideei eskainitako omenaldian eta oroimena gordetzearen alde eta fusilatutakoen gorpuzkiak berreskuratzen aritzen direnen lana aitortzeko ekitaldian.

Paco Etxebarria Aranzadiko adituak ezin izan zuen parte hartu, Txilen Pablo Nerudaren heriotzaren ikerketa bukatu ondoren bueltako bidaian harrapatu baitzuen atzoko ekitaldiak. Hala, Aranzadiko ordezkariek jaso zuten Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkartearen ezagutza. Hurrengo egunetan, aipaturiko elkarteak Etxebarriaren hautagaitza aurkeztu du Vianako Printzea sarirako.

Omenduen artean Olimpia Plaza izan zen, Valentin Plaza Castejoneko alkate fusilatuaren alaba. Aitaren gorpua berreskuratzeko esperantza ez duela galdu esan zuen hunkituta, eta ondoan beste omendu bat izan zuen; hots, Elena Aranguren Jose Maria Jimeno Jurio historialari eta etnografoaren alarguna. «Hunkituta nago horrenbeste maite zuen hainbeste jende ezagun ikusita», azaldu zuen ehunka lagunen aurrean, eta haren ikerketek duten jarraipena eskertu zuen.

NaBai, Geroa Bai, I-E eta PSNko ordezkariak izan ziren ekitaldian. Nafarroako beste zenbait herritan ekitaldiak izan ziren fusilatuen oroimenez, Sartagudan eta Tuteran, besteak beste.

Donostian, Tolosan, Errenterian, Eibarren, Irunen, Bilbon, Berangon, Urduñan edota Gasteizen ere III. Errepublikaren aldeko aldarrikapena zabaldu zuten hainbat alderdi ezkertiarrek.

«Balio errepublikanoak»

Era berean, komunikatu bateratua atera zuten ondorengoek: Alternatiba, Antikapitalistak, Aralar, Equo Berdeak, Gorripidea, Ezker Anitza eta EPK. «Parte hartze demokratikoaren eta justizia sozialaren aldeko helburu» komunean oinarrituta, «errepublikanismoa soilik monarkiaren kontra joatea baino gehiago» da. «Gobernu era zehatz bat defendatzeaz harago» dagoela adierazten dute, eta aldaketa soziala defenditzen dute Errepublikaren bidean.

Adierazten dutenez, kapitalismoa eta neoliberalismoa errepublikarako «oztopoak» dira, «askatasuna, berdintasuna eta anaitasuna kolokan jartzen» dituztelako, «eta giza eskubideak murrizteko baldintzak bultzatzen» dituztelako.

Araban, Alternatibak eta Gorripideak «zer errepublika nahi dugun» azaldu zuten. II. Errepublikan izan ziren aurrerapenak goraipatu ondoren, Euskal Herriaren subiranotasunaren aldeko borroka defenditu zuten, «sitema kapitalista, klase popularren eta pertsonen askatasunaren aldeko borroka ere» badelako, eta gizartearen ordezkapenerako eredu justuago baten beharra nabarmendu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo