GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

PILOTA

Larretxea eta Lanbert dira lehen finalistak

p044_f02.jpg

LARRETXEA-LANBERT 40
LANBERT-BONEBELTXE 25

J.L.

Ez zen inongo ezusterik izan Berezkoen Binakako Txapelketan, eta Olivier Larretxeak eta Ximun Lanbertek lortu zuten finala jokatzeko txartela. Lanbert anaien arteko neurketa honek ikusmin handia piztu zuen, baina Ximunek, faboritoak, lortu zuen garaipena.

Norgehiagokak ez zuen izan aparteko ezer, eta aurreikuspen guztiak bete egin ziren. Laurent Lanbert eta Bonebeltxe aurretik jarri ziren markagailuan, baina denbora gutxirako izan zen. Hasiera paregabea izan zuten, eta horri esker 0-4 aurreratu ziren. Faboritoak esnatu eta jokoan sartu bezain azkar eman zioten partidari buelta, 5-4 aurreratzeko, baina galtzaileek, berriro ere partidari buelta eman zioten, gero 6-6 berdintzeko. Hortxe amaitu zen berdintasuna, hortik aurrera faboritoak jaun eta jabe izan ziren.

Larretxeak eta Lanbertek 17-4ko partziala sartu zuten, markagailuan 23-10 jartzeko, eta horrekin bazirudien lehen finalerdia erabakita zegoela, nahiz eta asko falta zen norgehiagoka erabakitzeko. Zaleek Laurenten eta Bonebeltxeren erreakzioa espero zuten, baina ez zen ikusten inondik inora, eta faboritoek zuloa egiten jarraitzen zuten.

Aurkariak nahi eta ezinean zebiltzan. Kalitatean alde handia ikusten zen bi bikoteen artean, eta amaieran Larretxeak eta Ximun Lanbertek oso garaipen erosoa eskuratu zuten, eta orain astebete itxaron beharko dute, apirilaren 28an Baionako Modernen jokatuko den finalean aurrean zein izango dituzten jakiteko.

Beste finalerdia datorren larunbatean jokatuko da Senperen, eta han neurtuko dira Waltari eta Harizmendi Sorhueten eta Ducassou II.aren aurka. Ustez, bi bikote hauek dira txapela irabazteko faborito nagusiak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo