GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Josebe Egia

Eromenaren itzala

Eromenaren itzala beti, emakumeen kontrako indarkeriaren gainean. Erotzeko erraztasuna gizonen eta bakarrik gizonen bereizgarria da ala?

Uste orokorra delakoan nago, geure onean gauden guztion lehen pentsamendua: egin dezatela bere buruaz beste lehenago, inoren bizitzarekin akabatu aurretik. Genero indarkeriaren modalitate ohikoenetako bat da suizida hiltzailearena, bere bizitzaren azken legatu bikoteari, bikote ohiari, bikote izateari uzteko asmotan dabilenari, nekez gaindi daitekeen sufrimendua uzten dionarena, alegia, seme-alabak berarekin eramatea. Mendekurik ankerrena, itzulezinetan itzulezinena den heinean.

Joan den ostiralean Ciudad Realen gertatu zen; istorio horrek beste hainbeste kasuren ezaugarri berberak erakusten ditu: dibortziatzen ari den bikote bat, tratu txarrak direla-eta aurretiko salaketarik eza, umeak tartean... hau da, edozein familia arruntetan gerta daitekeen egoera arrunta, normalean eraildakorik ez dakarren banaketa kasu tipikoa. Tragedia dakarrenean, ordea, denak zur eta lur uzten dituen horietakoa. Zenbat aldiz ikusi dugu hori, zenbat aldiz ingurukoak lur jota, indargabe, beren buruari behin eta berriz erantzunik gabeko galderak egiten. Jendartean itsatsita, iruditzen zaiguna baino hedatuago, dagoen indarkeria matxistaren aurrean, kezkatu eta nazkatu egiten gaituen emakumeen kontrako biolentzia sorraren aurrean, indargabetasuna nagusitzen zaigu kasu berri bakoitzaren ondorioz ezkutuko hori ikusgai agertzen zaigunean. Eskuarki, unean uneko biktimentzat beranduegi denean.

Kasu honen harira, gizonak bere buruari tiro egin aurretik seme bi eta amaginarreba garbitu zituela eta, prentsan irakurri dut bikoteak, emakumeak, zortea izan duela, une horretan etxetik kanpo egoteagatik bizitza salbatu ahal izan duela. Ni, ordea, ez nator bat. Seguruenik, etxean egon ez izana, hain zuzen, izango zen senar hiltzailearen azkeneko asmoa betetzeko funtsezko gakoetariko bat; alegia, emaztearen izaki maiteenekin bukatuta emaztea hondatuta eta bakarrik iraunaraztea, sufrimenduzko bizitza bat izatera kondenatzea. Hain da makabroa inori halakorik opatzea, hain da ulergaitza inoiz maitatu zena horrelakorik jasanaraztera behartzeko moduan gorrotatzea, eromen hitza besterik ez datorkigula burura azalpen gisa. Eromenaren itzala beti, emakumeen kontrako indarkeriaren gainean. Erotzeko erraztasuna gizonen eta bakarrik gizonen bereizgarria da ala? Protagonisten paperak alderantzizkoak izaten diren kasuek araua berresten duen salbuespena izaten jarraitzen dutelako, horrek bakarrik indarkeria honen inguruan asko erakusten digulako, ezin gaitezke lasai geratu eromena azalpen nahikotzat jota. Kontrolpetik at bizitzeko emakume baten erabakia eta horretarako bideari ekitea daude bortizkeria kasu guztien baitan, finean, emakumeen aldetik otzantasunaren kontrako jokabidea onartzeko ezintasuna zenbait gizonen harremanen inguruko ikusmoldean.

Horretan ere badago adostasunik jendartean, aurrera egin delako azken urteotan indarkeria mota zehatz honen inguruan, indargabetasunaz harago erreakzioa eragin delako; hala ere, badugu oraindik zer gainditu, eromenaren itzal hori, kasu. Eta, horrekin lotuta, honen guztiaren inguruan aditzera ematen dugun irakurketa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo