GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskal Curriculuma garatzeko Eki proiektua jarri dute martxan

p020_f01_138x100.jpg

GARA | GASTEIZ

«Ikasmaterial berri eta berritzailea» hitzekin aurkeztu zuten atzo Eki proiektua Gasteizko Europa jauregian. «Euskal Curriculuma garatzen du, gaitasunetan oinarrituta eta integrazioaren pedagogiaren bitartez. Horretarako, Ikaselkar-ek -material didaktikoa egin, kaleratu eta banatzeko Ikastolen Elkarteak eta Elkarrek sortu zuten enpresak- euskal curriculuma garatzen duten ikasmaterialak garatu ditu. Oraingoak, 2013-14 ikasturterako eskuragarri izango direnak, DBH 1erako egokitutako ikasmaterialak dira. Datozen urteetan etorriko dira beste ikasturteetarako prestatutakoak», azaldu zuten.

Ikastolen Elkarteko pedagogia arduradun Abel Ariznabarretak, Eki proiektuaren egikaritza koordinatzaile Mikel Aldasoro eta Xabier Garagorrik eta Ikaselkarreko edizio arduradun Mikel Arrizabalagak egin zuten proiektuaren aurkezpena.

Azaldu zutenez, 2008-09 urteetan Euskal Herriko ikastetxe gehienek elkarrekin eraiki eta onetsi zuten Derrigorrezko Eskolaldirako Euskal Curriculumean oinarritzen da Eki. «Azken batean, pertsonaren garapen osoa (norbanako, gizartekide eta izadikide gisa) lortu ahal izateko oinarri sendoak finkatzea bilatzen du; euskal kultur espezifikoaren eta unibertsalaren oinarriak eskuratzea; ondorengo ikasketak egiteko eta lan munduan aritzeko prestatzea: eta bizitza osoan ikasten jarraitzeko prestatzea. Eki proiektua, beraz, Euskal Curriculumaren garapena liratekeen ikasmaterialak dira», gaineratu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo