GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Hugo Chavezek eskatu legez, haren ausentzia gertuko presentzia eginda, Maduro presidente

Nicolas Maduro Venezuelako presidente izango da 2019. urtera arte. Aurreikuspenek zioten baino tarte estuagoarekin, iraultza bolivartarraren komandante zenaren ausentzia oso gertuko presentzia izan duten hauteskundeak irabazita. Garaipen honekin, Chavezek hezurmamitu eta bideratu zuen mugimenduak segidan bere laugarren hauteskunde presidentzialak irabazi ditu, azken hamabost urteetan hemezortzi hauteskundeetatik hamazazpi, eta hori sustraitze sozial sendo baten erakusle da. Chavezekin alderatuta, ostera, hamar puntu galdu ditu eta horrek argiro erakusten du haren lidergo karismatikoa ordezkatzea ez dela ohikoa eta samurra izango. Karisma ez baita magia, ereduzko jardunean oinarritutako zilegitasuna baizik. Xarma pertsonala, proiektu baten sortzaile izatea ez da mekanikoki transmititzen den zerbait. Madurori, proiektu bolivartarrari, herrigintzan errotutako zilegitasuna berritzea eta indartzea ezinbestekoa suertatuko zaio.

Dena gerta liteke aurrerantzean, aldagai askoren baitan dago; besteak beste, premiatik bertute egiten jakitetik. Baina hori etorkizuna da. Oraina, baina, politikaren eta jendearen denbora behinena, gorria da: Venezuelako bolivartarrena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo