2.B MAILA Eibar
Baikortasuna berreskuratzeko bolada bikaina
Neguaren amaieran bizitako une latzak ahaztu ditu Eibarrek sei garaipen jarraian batuta. Bigarren postuan, lidergoa harrapatzea ere ez dute baztertzen.
Amaia U. LASAGABASTER
Denboraldiko errusiar mendian gora egitea egokitu zaio berriro Eibarri. Lehen itzuliko zenbakiei eta Kopako ibilbideari esker Gabonak bikain ospatu ondoren, ahulaldi ederra sufritu zuten armaginek, ederki ikasita zuten garaipenaren bidea ahaztuta -bakarra lortu zuten zortzi jardunalditan-. Buruan nonbait, ordea, bazegoen informazio hori eta argi dago Gaizka Garitanoren taldeak berraurkitu duela, azken sei partidatan hirunaka pilatu baititu puntuak.
Ez da harritzekoa, beraz, astelehen goizeko irribarrea ohitura bilakatu izana Eibarren. «Imajinatu zelako giroa dugun aldagelan -onartu du Jon Errastik-. Finean, emaitzek konfiantza ematen dizute eta harrapatu dugun bolada hau aldagelan, lan-saioetan, partidetan bertan... nabaritzen da». Batez ere, «pasa ditugun une txarren ondoren. Talde guztiek izaten dituzte gorabeherak eta, egia esan, ni beti naiz baikorra, gauzak hobera joango direla pentsatzen dut beti. Izan ere, denok bagenekien aurrera irtengo ginela eta Garitanok beti azpimarratzen zigun astean zehar ondo lan eginez asteburuan ere gauzak ondo irtengo zirela, baina egoera astero errepikatzen denean gehiago kostatzen zaizu». Ildo honetan, erdilari eibartarrak «batez ere kontu psikologikoa» dela uste du. «Beharbada, Kopak, lehen itzuliko ahaleginari gehituta, faktura fisikoa pasatu zigun. Baina batez ere kontu psikologikoa izan zen. Bizpahiru emaitza txar lotzen dituzu, konfiantza pixka bat galtzen duzu, hurrengo partidari urduriago ekiten diozu... Une horietan garrantzitsuena izaten da eguneroko lanean sinesten jarraitzea lehen garaipena lortu arte. Guk lortu genuen eta Nojari irabazi ondoren egoera aldatu da».
Guztiz. Orain dela sei aste esan zion agur Eibarrek bolada txarrari Noja menpean hartuz eta, ordutik aurrera astero errepikatu da garaipenaren ospakizuna. «Lana berbera da eta topikoa egia -nabarmendu du Errastik-: lehen ez ginen hain txarrak eta orain ez gara hain onak. Baina bolada hau harrapatu dugunez, jarraikortasuna izan dezan saiatuko gara».
Lasaitasuna ala anbizioa
Batez ere, saria oso erakargarria delako. Izan ere, talde gorriurdinak matematikoki ziurta dezake play-offa datorren larunbatean, horretarako Las Llanasen irabazteaz gain aurkariek behaztopa egitea behar badu ere. «Oso garrantzitsua izango litzateke lehen baino lehen lortzea, horrek beste aukera batzuk eskaintzen baitizkizu play-offera begira. Freskoago heldu, txartelen kontua kalkulatu, arazoak dituzten jokalariak errekuperatu...».
Aukera horien gainetik, baina, Errastik denboraldia amaitzeko falta diren bost jardunaldietan lor daitekeen sari berezia gailentzen du, talde armaginaren esfortzuaren luzapena ekartzen badu ere. Azken asteotako emaitzei esker, Eibarrek, bigarren postura igo, eta mugarik gabeko baikortasunari ekiteko eskubidea berreskuratu du. «Anbizio handiagoa» izan behar dutela uste du eibartarrak.
Lidergoaz ari da, noski. Oso helburu zaila, baina helburua azken batean. «Zergatik ez? Badakigu oso zaila izango dela, bost puntuko aldea izateaz gain Alaves oso sendo dabilelako. Baina ahalegintzeagatik ez dugu ezer galduko. Behintzat borrokan azken jardunaldira arte mantentzeko». Eta bere anbizioaren aldeko argudioak baditu erdilariak. «Batez ere, taldearen egungo egoera. Gure beheraldia pasatu dugu eta orain gorantz goaz berriro. Eta gainera esperientzia horrek taldea berrindartzeko balio dezakeela uste dut, egoera gogor bati buelta emateko gai garela ikusi dugulako. Izan ere, orain dela oso jardunaldi gutxi hamar puntuko desabantaila genuen eta egun bost puntukoa besterik ez da. Zergatik ez dugu gehiago murriztuko hurrengo asteotan?».
Beharbada, Eibarren egutegia, teorian behintzat, Alavesena baino zailagoa delako. Errastik , ordea, ez du hain argi ikusten. «Ezusteko emaitza asko egoten dira azken jardunaldietan. Denboraldian zehar ia partidurik irabazi ez duen taldeak denak irabazten ditu, helburu barik geratu denak presioa galdu eta hobeto jokatzen du, urduritasuna agertzen da askotan... Nik orain ez diot horrenbesteko garrantzia ematen egutegiari, ez besteenari, ez eta, egia esan, gureari ere, axola behar zaigun bakarra gure taldea, gure lana eta gure emaitzak baitira. Eta horrela eginez gero, dena da posible». Merezimendu osoz berreskuratutako baikortasuna errealitatera pasatzea, adibidez.