GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gazteak babesteko lanuzte eguna deitu dute hezkuntza zentroetan eta unibertsitatean

Donostialdeko zortzi gazteei elkartasuna adierazteko Ernai eta Ikasle Abertzaleek lanuzte eguna deitu dute unibertsitate eta ikastetxeetan ostegunerako. 13.00etan manifestazioa abiatuko da Artzain Onaren plazatik. Juan Karlos Izagirre alkateak ere babesa agertu zien atzo.

p018_f02.jpg

GARA | DONOSTIA

Goizeko lehen orduetatik jende andana biltzen da iragan astean Donostiako Bulebarrean ateak zabaldu zituen Aske Gunean. Auzitegi Gorenak sei urteko kartzela zigorra berretsi zuen Donostialdeko zortzi gazterentzat eta foro hau, hain justu, horren karietara antolatu zen, horiei guztiei babesa emateko. Lanaz gain, konpromisoa ere bada egitasmoaren atzean. Egunero karpak jarri, iluntzean jasotzeko... biharamunean eguna argitzearekin batera berriro zabaltzeko.

Konpromisoa erakutsi dute, eta erakusten ari dira, egunero, modu batera edo bestera, parte hartzera gerturatzen direnak. Azken deialdia Ikasle Abertzale-ek eta Ernai gazte erakundeak egin dute, ostegun honetarako lanuzte eguna deitu baitute.

Zehazki, lanuzteak deitu dituzte ostegun honetarako Donostiako ikastetxe eta unibertsitatean. 13.00etan manifestazioa abiatuko da Artzain Onaren katedraletik. Arratsaldean, bestalde, Aske Gunea «indartzeko» deia zabaldu dute; alegia, bertaratzeko deia eta ekintzetan parte hartzeko gonbita egin dute.

Ohar baten bidez gogorarazi zuten sei gazte hauek ez direla «egoera honetatik igarotzen diren lehenak» eta prest agertu dira elkartasuna konpromiso bilakatzeko. «Ez gaude prest gazte bakar bat ere eraman dezaten. Ez diegu utziko», adierazi zuten.

Egoera hau aintzat hartuta, Donostiako gazte eta ikasleek sei gazte hauen lekukoari segida emateko asmoa agertu zuten; «beraiek zuten proiektua azken muturreraino eramateko hautua egin dugu».

Alkatearekin bilera

Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak ere babesa agertu zien zortzi gazteei, atzo goizean elkarrekin egin zuten bileran. Bertan, besteak beste, espetxera kondenatu dituen sententziaz aritu ziren.

Alkateak gogorarazi zien iragan otsailaren 22an Donostiako Udalbatzak onartu zuen adierazpen instituzionala; bertan, bere kezka adierazten zuen hau esanez: «Ustez, Segi gazte erakundekoak izateagatik gazte hauen kontra erakunde terroristako kide izatearen salaketak bilera eskubidea eta partaidetza politikoaren eskubidea ere urratzen ditu, normalizazio politikoaren fase berria ez errespetatzeaz gain».

«Bake bidean pausoak ematen ari garen garaiotan horrelako erabakiak ulertezinak» direla adierazi zuen Izagirrek, «lagundu beharrean oztopoak jartzen dituztelako». Aldi berean, sententzia plazaratu zenetik izandako gertakari guztiak birpasatu dituzte, eta elkarbizitzak duen garrantzia nabarmendu zuten.

konpromiso egunA

Osteguna, hilaren 18a, Konpromiso Eguna deitu dute. Lanuzteez gain, 13.00etan Artzain Onaren katedraletik manifestazioa abiatuko da, eta egunean zehar Aske Gunea indartzeko deia egin dute gazte erakundeek.

gaurko egitaraua

Gaur Aske Gunean izango diren ekintza batzuk: «Itsasoaren alaba» filmaren proiekzioa (10.00etan), «Lasterbidean» ekimenaren aurkezpena (12.30) eta Trivial Feminista (16.30ean).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo