Joxemari Carrere Ipuin kontalaria
Zergatik euskaraz?
XX. mendeak aromaniarrentzat ekarri zituen (...), batez ere Bulgarian eta Grezian, opresioa, jazarpena eta heriotza: lekuz aldatu zituzten eta ofizialki izen berriak ezarri zizkieten, debekatu zieten publikoki euren hizkuntzan mintzatzea, ezta beren existentziaz ere, euren herri asko sarraskituak izan ziren eta ehunka irakasle, apaiz eta intelektual atxilotuak izan ziren, zigor zelaietan sartuz edo uharte urrutietara eramanaz». Karl- Markus Gaussek kontatzen digu «Europeos en extinción» liburuan (Poliedro, Julia Lionetti SL edit, Bartzelona 2002). Aromaniarrak, batez ere, Mazedonian bizi dira. Gaur egun, Mazedonian bakarrik onartzen diete nazio izaera. Europako nazio txiki asko bezala, euren kezkarik handiena existentziaren aldarrikapena da.
Hamaika alditan erantzun behar izaten dugu hizkuntza txiki eta gutxietsitakoa dugun hiztunok, existitu nahi izate horren gainean. Zertarako aitzinean iltzatutako hizkuntza txikia erabili, egungo jendarte modernoan benetan «praktikoak» diren hizkuntzen ordez?
Zergatik beraz, ipuinak euskaraz kontatu? Aipatutako existitzearen beharraz baino, kontaketaz arrazoi pare bat emango dut. Mendetan baztertua izan den hizkuntzak bere komunikazio baliabideak garatzea litzateke garrantzitsuenetako bat. Euskaraz kontatzeak hizkuntzaren gaineko gogoeta ekarriko du. Bizi dugun jendartean ahozko baliabide komunikatiboetara euskara egokitzeko, ipuin kontaketa tresna liluragarria izateaz gain, eraginkorra ere izan daiteke. Euskaraz kontatzeak geure hizkuntzak etorkizunerako bidea egiten lagun dezake.
Bigarren arrazoia ere badago. Gogoak ematen didalako.