GARA > Idatzia > Kultura

Ehun bat prentsa-marrazkilariren irudiak ikusgai dira Baionan

Nazioarteko hainbat herrialdetan erakutsia izan den «Cartooning for peace-Irudiak bakearen alde» erakusketa Baionako fakultatean izango da hiru astez. Nazioarteko komunikabide ezberdinetan marrazkiak agertzen dituzten ehun bat marrazkilarien lanak biltzen ditu.
p048_f01.jpg

A.B. | BAIONA

«Cartooning for peace-Irudiak bakearen alde» erakusketak zabaldu ditu ateak Baionako unibertsitatean. Apirilaren 26a arte, munduko hedabide ugaritan irudiak agertzen dituzten prentsa-marrazkilarien lanak ikusgai dira. Kofi Annan Bakearen Nobel saridunak eta «Le Monde» egunkari frantseseko Plantu izeneko marrazkilariaren arteko topaketa baten ondorioz sortu zen 2006an erakusketa ibiltari horren proiektua.

Ekimenaren bidez kultura ezberdinetako herrien arteko errespetua eta ulermena sustatu nahi izan dute egileek. «Mahomaren karikaturen argitalpenak eragindako manifestaldien ondotik sortu da proiektua. Erakusketaren bidez, adierazpen askatasuna defenditu nahi da, baina baita prentsaren ardurari eta etikari buruzko gogoeta bat bultzatu ere», nabarmendu zuten antolatzaileek.

Izan ere, erakusketa, Varenne institutu unibertsitarioaren eta Baionako fakultatearen artean antolatua izan da, eta, orotara ehun bat marrazkilariren irudiak agertzen ditu. Plantuz gain, Ares marrazkilari kubatarrak, Baki aljeriarrak eta Espainiako Elchicotriste artistak parte hartzen dute.

«Cartooning for peace» erakusketarekin batera, «Komunikabideak, demokrazia eta bakea» gaiaren inguruan, komunikabideak eta nazioarteko gatazkak aipagai dituzten hitzaldiak antolatu dituzte Baionako fakultateko arduradunek.

Hitzaldiak

Joan den ostegunean «Komunikabideak, bakea eta demokrazia» gaia jorratu zen lehen hitzaldi baten bidez. Ostegunean, berriz, «Kazetariak eta gatazkak» aipagai izango da bigarren eztabaida batean. Euskal Herria eta Ruandako adibideak harturik, «kazetariek gatazkak tratatzeko» duten modua aipatuko dute Laure de Vulpian eta Ludivine Thouverez hizlariek.

Azken horrek «Estatuen bortizkeria eta komunikabideak- erreferentziazko frantses eta espainol komunikabideetan GALen tratamendu informatiboa» gaiari buruzko tesia idatzi zuen. Datorren apirilaren 25ean, azken hitzaldia izango da, eta bertan «Irudiak eta gatazkak» eztabaidagai izango dute hizlariek.

Parte hartzaileen artean, Josu Martinez «Barrura begiratzeko leihoak» dokumentalaren egilea egongo da.

«Cartooning for peace-Irudiak bakearen alde» erakusketa ibiltaria da. Dagoeneko Estatu frantseseko hiri nagusietan, Italian, Kataro herrietan, Kanadan eta Belgikan azaldua izan da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo