Manuel Vicentek «El azar de la mujer rubia» aurkeztuko du Bilbon
GARA | BILBO
Manuel Vicent idazle castelloarrak «El azar de la mujer rubia» bere azken eleberria aurkeztuko du gaur Bilboko Bidebarrietako liburutegian, 19.30etik aurrera. Ekitaldia Dani Alvarez kazetariak gidatuko du.
«El azar de la mujer rubia» liburuan, Manuel Vicentek (Castello, 1936) satira erabiltzen du espainiar Estatuko trantsizioa jorratzeko. Lanari izena ematen dion emakume ilehoria Carmen Diez de Rivera trantsizioko musa da. Hala eta guztiz ere, fikzioaren eta historiaren artean dantzan dabilen eleberri honetako benetako protagonista Adolfo Suarez «heroi erromantikoa» da, Vicentek berak adierazi duenez.
Zuzenbidean eta Filosofian lizentziaduna, Vicentek Kazetaritza ere ikasi zuen Madrilen, eta bertan, «Hermano Lobo» eta «Triunfo» aldizkarietan hasi zen lanean, beste hedabide batzuen artean. Gaur egun «El País» egunkarian idazten du.