GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Ikusi da herri harresia ez dela baliabide erretolikoa

Auzitegi Gorenak euren militantzia politikoan publikoki, harro eta eskuzabal aritzeagatik zigortutako zortzi gazte donostiarren espetxeratzea agindu zuen egun berean, Bulebarrean eraikitako «AskeGune»-a herri harresi ikusgarria bilakatu da. Horrelako bidegabekeriak pil-pilean jartzen duen amorruarekin batera, ideia berrien hauspo emale eta borroka molde berrien entsegu praktiko zinez ederra bezala ageriz. Ehunka eztabaidek, milaka manifestarik, ekintza desobediente andanak kontzientzia asko piztu dituzte eta Estatuak bere jazarpen zitala kosturik gabe aurrera eramateko beharrezkoa duen isiltasunaren kiribila pitzatu egin dute. Milaka herritarren sinpatia eta sostengua bereganatu eta nabarmen geratu da zeintzuk diren bakearen etsaiak, zeintzuk haien mandatu-mutilak Euskal Herrian.

Epaia eta atxilotze aginduak emanda dauden honetan, amorrua eta ongi egin eta arrastoa utziko duen lan batek utzitako poza gainezka egiten dute, emozio kontrajarrien dantza betean. Donostiako gazteen atzetik ere beste hainbat gazte auzitara eramango dituzte, iraganeko errezeta errepresiboak betikotuak direla erakutsi asmoz. Egoera hori aldatzeko, baina, slogan magikorik ez dago. Tripen ala sentimenduen min- tzotik harago, irudimena eta jarduna, ereduzko jarduna beharko dira. AskeGune-an ikusi da herri harresia ez dela baliabide erretoliko bat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo