GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Pello Otxandiano, Ibon Cabo, Jon Salaberria, Asier Vega Bizkaiko EH Bildu

Izan ala ez izan

Bizkaian azken hamarkadetan ezagutzak apenas egin du gora (lautik bat euskalduna) eta erabilerak are gutxiago (hamarretik batek euskaraz). Zenbatgarren postuan dago euskara munduko alkaterik onenaren lehentasunen zerrendan?

Bagara. Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean 51.314 euskal herritar gehiago daude. Hemendik aurrera Lekeitio, Lesaka, Munitibar, Tolosa eta Zarautzen ere «euskaraz gara» esateko moduan daude. Albiste pozgarri hau heldu zaigu azken egunotan Oriotik, han batu baitira Uemara Bizkaiko eta Nafarroako bost udalak. Dagoeneko 69 dira UEMAn dauden udalerriak, 211.798 euskararen arnasguneetan bizi diren herritarrak. «Euskaraz gara» leloari heldu eta lehen mailako hizkuntza politika aitzindariak jasoko dituzten herritarrak.

Eta Bizkaian ere bagara. Lekeitio eta Munitibarren sarrerarekin dagoeneko 18 udalerritako 46.845 herritar Ueman daude. Hizkuntza politika eredugarriak egikaritzen diren udalerrietan daude; euskarak arnasa hartzen duen herrietan, euskarari bere osotasunean arnasa ematen dioten herrietan. Hauetan dago jokoan euskararen etorkizuna, udalerri hauek hedatzeak eta indartzeak bermatuko baitu euskararen geroa. Euskaraz biziko den euskararen herriaren geroa.

Korrika eginez ikasi dugu bidea. Azken egunetan, Korrikak beste behin erakutsi digu euskararen aldeko aldarri soziala hegemonikoa dela Euskal Herrian XXI. mende hasiera honetan. Aldarri kementsua, itxaropenez eta ilusioz gero eta euskal herritar gehiago batzeko gai dena.

Baina euskara ez da salbu; aitzitik, egoera benetan kezkagarria da. 1982an onartutako euskararen legeak ez ditu helburuak bete. Derrigorrezko hezkuntza bukatzen dutenen euskara maila ikustea besterik ez dago ereduen hezkuntza sistemaren porrotaz ohartzeko. 30 urteren ostean euskaldunon hizkuntza eskubideak ez daude inola ere bermatuta administrazio publikoan. Adierazle soziolinguistikoek diote euskara ataka larrian dela. Utz ditzagun irakurketa autokonplazienteak eta erreparatu diezaiogun errealitate gordinari, betiko arriskuez gain berriak ere bai baitatozkio euskarari etorkizun hurbilean. Bakarra aipatuko dugu hemen: Espainiak, bizi duen krisi politikoari, zentralizazioaren eta kultur homogeneizazioaren bidetik topatu ei dio aterabidea, Lomce lehen mugarri.

Hau da jokalekua. Hemen eta orain euskararen etorkizuna dago jokoan. Ez dezagun kilometro bateko izerdiarekin urte osoko ardura politikoa estali, eta ez ditzagun herri mugimenduaren bizkar gainean jarri gure ardurak.

Testuinguru honetan ezin dugu ulertu zenbaitzuk erakusten duten zabarkeria, eta bereziki EAJk gai honen aurrean erakusten duen utzikeria. Ez dugu asmatzen zerk bereizten gaituen ulertzen. Ez al gatoz bat euskararen egoeraren gaineko diagnosi soziolinguistikoan? Euskarak gure herrian zein leku izatea nahi dugun al da bereizten gaituena?

Ez gara. EAJren hizkuntza politikarekin ez gara. Ez eta hizkuntza politika hori egikaritzeko asmoz prestatutako aurre- kontuarekin ere. Ahul dagoena are ahulago utziko duen aurrekontua da aurkeztu dutena. Euskarari atzeraka egitea ekarriko dioten diru kontuez ari dira: 10 milioi gutxiago, %9ko murrizketa. Ezin ahaztu bitartean gaztelera eremuak irabazten ari dela, euskara sustatzeko egiten ez denak gaztelera indartzea baitakar. Euskara ez baita egunerokotasunean gazteleraz funtzionatzen duten Jaurlaritza zein Bizkaiko Foru Aldundian zeharlerro. Ez eta munduko alkate onenaren Udalean ere.

Legealdi honetan bertan, EAJk Haurreskolak Partzuergoan gaztelera sustatzearen aldeko ebazpen ulertezina onartu du. Haurreskoletan orain arte hain emaitza onak eman dituen murgiltze eredua da hain justu hezkuntza arautu osoan behar dena. Justu kontrako bidean! Eta zur eta lur geratu gara Wert ministroaren erreformaren aurrean Cristina Uriarte sailburuak izandako jarrera epelarekin. Kasu, lege honek hezkuntza birzentralizatzea, eta euskararen ordu kopuruak murriztea ekarriko baitu!

Bizkaira etorrita, datuak egoskorrak dira. Bizkaian azken hamarkadetan ezagutzak apenas egin du gora (lautik bat euskalduna), eta erabilerak are gutxiago (hamarretik batek euskaraz). Zein da urte hauetan guztietan Foru Aldundia gidatu duen EAJk egiten duen balantzea? Zenbatgarren postuan dago euskara munduko alkaterik onenaren lehentasunen zerrendan?

Aurten 33 urte bete dira euskaltzaleok lehenengoz lekukoaren atzetik kalera atera ginela. Patxi Baztarrika entzun dugu aste honetan Korrika goraipatzen eta euskarak behar duen benetako mobilizazioa erabilera dela esaten. Baina zer egiteko prest gaude nor bere ardura politiko instituzionaletatik euskara erabilia izan dadin? Akaso goian aipatutako estrategiek euskararen erabilera sustatzen dute? 1982an onartutako legea al da euskarak behar duen tresneria juridiko-politikoa?

Akordio politiko berri bat behar du euskarak nazio-hizkuntza estatusa aitortuko diona. Hizkuntza politika berri eta eraginkor bat da behar duguna, corpus juridikoa, plangintza zehatza eta baliabide nahikoak izango dituena. Ezin zaio herri honi hutsik egin. Wert ministroak adierazitako asmo espainolizatzaileen eta lekukoari segika kementsu eta alai dabilen herri honen artean zubi amildegia dago. Alde baten edo bestean kokatzen garen, hortxe egin beharreko hautua.

Erabaki ausartak hartzeko garaia da. Herri hau euskaraz pentsatuko dugu edo ez da izango. Herri hau euskaraz eraikiko dugu edo ez da izango!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo