GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Aitziber Pz. KARKAMO Kazetaria

Populismoaz

 

Venezuelaz beste noizbait hitz egiteko aukera izatea espero dut, baina gaur, hauteskundeak izan berri dituen herrialdeaz aritzeko maiz erabiltzen den «populismo» hitzaz hausnartu nahiko nuke, esango ditudan zenbait batere popularrak ez direla jakinik.

Bizi ditugun garai zail hauetan, diskurtso populistak zabaltzeko arriskua handia dela diote, baina sarri gertatzen den lez, ez gara ados jartzen diskurtso hauek identifikatzeko orduan. Garai zail hauek profitatuz, politika zuzena egiteko jabetzaren esklusibotasuna izan nahi dute batzuek eta ezkerrari leporatzen zaio hitz antzuaz eta mamirik gabeko berbekin bideraezinak diren politika faltsuak saltzea.

Hitzez haratago baina, gurean hartutako zenbait erabakik begi bistan utzi dute populismoa hitzetan baino ekintzetan datzala. Nola deitu bestela, murrizketen aroan, San Mames Barriari instituzio ezberdinek erakutsitako babes ekonomikoa? Futbolak herri identitatea indartzeko balio duela eta atzerrian ezagun egiten gaituela argudiatzen dute. Horrela bada, zergatik kentzen zaio babes ekonomikoa Europan kultura mailan ezagun egin gaitzakeen Donostiari? Norberak erantzun dezala, baina kasu honetan, niri behintzat, txarto pentsatzea lagungarria izan zait. Paradoxikoki, futbol erakunde pribatu bati diru-laguntza publiko gehiagorik ez emateko erabakia hartu duen erakunde bakarra populista izatea egotzi zaion ezkerreko instituzio foral bat izan da.

Paradoxikoki ere, Venezuelan populismoa darabiltela esaten duten askok hango gobernuak boterean urteak daramatzala argudiatzen dute eta aldaketa beharrezkoa dela. Ez dut uste, ordea, horren urruti joan behar dugunik honetaz hausnartzeko.

 
 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo