Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com
Gero arte, irakurleok!
Ez dago modurik azaltzeko zer sentitzen den norbaitek kaletik, ezaguna edo ezezaguna, «gaurko artikulua asko gustatu zait» esaten dizuneanHolan, nik esaten dudan bezala, tontamentien, hainbat urte pasa dira hamabos- tean behin egunkari honetako orrialdeetan idazten hasi nintzenetik. Egia esan, ez dakit zenbat urte izan diren... asko, larregi beharbada. Noizbait heldu behar da agur esateko momentua eta niri, zeregin honetan behintzat, gaur heldu zait. Edozein egun, egun arrunt bat, udaberrikoa baino, uda beteko egun zoragarrian (izan kontuan gaur euria egin arren, ni atzo, eguzki bete-betean, ari nintzela berba hauek idazten).
Atzera begira, nire ekarpen hau, 3.000 karaktere inguruan sortu izan diren artikuluok, errepasaturik, gure (barkatu adierazpideagatik, badakizue makarraldekoa naiz eta harro nago) «herri puta» honen gertaeren gainbegiratua eta jazoeren segida ikusten ditut. Beti ematen du berdinetan gaudela. Ez da sekula etorri eta ez da sekula etorriko egun zehatz bat zeinean dena eraldatuko den goitik behera; baina, egia esan, atzera begira, gauzak zelan aldatu diren, pentsatu baino adierazgarriagoa da.
Berdin, norberaren garapen pertsonalari begiratuz gero. Oraindik akordatzen naiz lehenbiziko artikulua idatzi nuenean. Are gehiago, oraindik gogoratzen dut zelako nerbioak neuzkan «proba artikulua» idatzi nuenean. Normala. Pako Aristik zuen utzia nik gerora hartu nuen zutabea. Batek daki zergatik, baina Pakok nigan konfiantza zeukanez gero, Sonia Gonzalez are ezezagunago baten izena bota zien egunkarian momentu hartan Iritzi sailean zeudenei.
Eta horrelaxe hasi zen periplo luze hau. Hasieran, lagun batek dioen bezala, hablando sobre pájaros y flores eta, denboraz, hainbat gauza, arazo eta aferetan nahastera eraman nauen garapen pertsonal horrek bultzatuta, bestelako gai batzuk hasi ziren orrialde gris hauetako tarte hau betetzen. Probetxu pertsonalerako izan da, ez dizuet gezurrik esango. Probetxu pertsonala atera dut artikulu bakoitzetik, orri zuriari begira jartze hutsak hausnarketak egitera behartzen zaitu-eta. Burutik bueltaka dabilen pentsamendu soil eta xume batetik burutazio oso bat garatzera behartzen zaitu, uste ez zenituen hainbat ideia sortzera eta euskal herriari, minuskulaz, ematera.
Momentu oso-oso onak ekarri dizkit aste bitan behineko ariketa honek. Momentu on pertsonalak. Idazlearen lana guztiz bakartia dela esan ohi da eta halaxe da. Berdin liburu bat idazten denean edo artikulu xume bat mundura botatzen denean. Irlan dagoen naufragoaren sentimendu berbera izaten da: mezua botilan sartu, nork edo nork noiz edo noiz jasoko ote duen jakin barik.
Ez dago modurik azaltzeko zer sentitzen den norbaitek kaletik, ezaguna edo ezezaguna, «gaurko artikulua asko gustatu zait» esaten dizunean, kaletik edo tabernaren batean, «benetan daukazu arrazoia honetan edo bestean». Eta errekonozimendu guzti-guztietan handiena, bihotzeraino heltzen den «eskerrik asko» eta musu soila. Horrelakoak bizi izanaren suertea izan dut.
Irribarrez agurtzen zaituztet, benetan nago irria ezpainetan. Irribarrez eta esker onez. Eta horrexegatik agur baino, gero arte esatea nahiago. Berriro topatuko gara. Fijo!