Thatcherren herentzia: murrizketak eta bera omentzeko diru publikoaren zarrastelkeria
Margaret Thatcherri azken agurra eman zioten atzo Londresen, zeremonia arranditsu bezain garestia eginez. David Cameronen Gobernuak Britainia Handiko lehen ministro ohiak horrelako hileta merezi zuela uste baitu. Zaintza lanetarako 4.000 polizia hedatu zituzten eta mundu osotik iritsitako 2.000tik gora «gonbidatu» izan ziren. Ez da erraza kalkulatzea britainiar herritarrentzat zenbateko gastua diren atzoko ekitaldiak, baina gauza jakina da dirutza dela, zenbait milioi liberatakoa. Azken hamarkadetako ibilbide neoliberalaren aitzindariari egin beharreko omenaldia izan zen, nonbait. Erakunde publikoek merkatuen gaineko kontrol oro ezabatzea aldarrikatu baina merkatuen zuloak estaltzeko «injekzio» publikoak lortu zituen iraultzaren liderrari hori eta gehiago zor zioten -ordain egoki eta zuzena dela esan zuen Cameronek-, eta logika berean, herritarren bizkar, jakina. Britainia Handiko -eta munduko- herritar askorentzat, ordea, iseka hutsa da, areago Thatcherren herentziaren ondorioak modu bortitzenean nabaritzen ari direla, Cameronen Gobernuak inoizko murrizketarik handienak egin dituenean. Asko zor diote, baina askoren ustez, ez omenaldirik, hain zuzen.