GARA > Idatzia > Euskal Herria

Aukeratzeko Askatasunaren aldeko Kolektiboak salatu du homofobia handitu dela

Sexu berekoen arteko ezkontzaren legea eztabaidatzen ari diren honetan, gay eta lesbianen aurka kalean sortu den bortizkeria eta jazarpena kezkagarritzat jo du Aukeratzeko Askatasunaren aldeko Kolektiboak. Herritarrak eta hautetsiak horretaz jabetzeko ekimena abiatuko du.

Ainize BUTRON | BAIONA

Datorren asteartean onartu beharko luke frantses Parlamentuak «guztiontzako ezkontza» izeneko legea. Aukeratzeko Askatasunaren aldeko Kolektiboa pozik agertu zuen atzo, «borroka luze eta minberatsu» baten ondotik, azkenean, «homosexualen eta heterosexualen arteko berdintasuna» eratuko delako. «Ofizialki sexu hierarkia deuseztatua izanen da legearen bidez, eta hitz homofoboak eten egingo ditu», nabarmendu zuen Michele Chantier Planning Familialeko kideak. Legez berdintasuna lortzekotan egon arren, kezkagarritzat jotzen dute eztabaida prozesu horretan Estatu frantsesean gay eta lesbianen aurka sumatu duten «ankerkeria».

«Parlamentuan eta Senatuan ehun orduko eztabaida sutsuak behar izan dituzte, azkenean legea bozkatzeko. Tarte horretan, alderdi kontserbadoreek ekintza homofobo bortitzak baimendu dituzte», salatu zuen, bere aldetik, Beñat Gachin kolektiboko kideak. Mehatxuak, jazarpenak eta ukapen etengabeak jasan dituzte, azken hilabeteotan, gay eta lesbianek. Egoera horretaz jabeturik, homofobiaren aurkako kanpaina abiatuko du kolektiboak, «Aski!» leloarekin.

Udalerrien engaiamendua

Kanpainak maiatzaren 17a bitartean iraungo du, egun hori da, hain zuzen, Homofobiaren aurkako Nazioarteko Eguna. «Legearen onarpena luzea, gogorra eta zaila izan da gure umeentzat eta familientzat», gehitu zuen.

Legea bozkatu eta biharamunean abiatuko da kanpaina, Baionan, elkarretaratze batekin. Ondotik, Ipar Euskal Herriko herriko etxeak deituko dituzte homofobia eta lesbianofobiaren aurka engaiatu daitezen. «Engaiamenduak publiko eginen ditugu maiatzaren 17an antolatuko dugun gaualdi batean», azaldu zuen. Berdintasunaren aldeko deia zabaldu dute.

Hiru hilabete

Legea datorren asteartean bozkatuko badute ere, hiru hilabete itxaron beharko dira lehen ezkontzak ikusteko. Udaletxe askotan blokeoak izango dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo