GARA > Idatzia > Kultura

«Versus», Karlos Linazasororen naufragoa, 99 pasartetan

Azken 28 urtetan irla batean dagoen naufragoarekin osatu du Karlos Linazasorok «Versus» nobela minimalista. Raymond Queneauri keinu eginez, neurri berdintsuko 99 pasartetan banatu du. Pertsonaia eta tokia aldatu gabe, Versusen oroitzapen eta esperientziak kontatuko ditu.

p047_f01.jpg

A. ARRUTI | DONOSTIA

Pertsonaia bakar bat, 50 metro karratuko irla bat eta palmondo bat. Horiek dira Karlos Linazasororen «Versus» (Elkar) nobelan aurkituko ditugun elementuak. «Nobela minimalista egin nahi nuen -azaldu zuen atzo-, akziorik gabe, ez da ezer gertatzen». Versus izeneko naufragoa 1985az geroztik dago irla horretan, bere itsasontzia hondoratu zenetik.

Helduentzako nobela moduan definitzen badu ere, egitura oso berezia eman dio tolosarrak. 99 pasartek osatzen dute kontakizuna, Raymond Queneau-ren «Exercices de style» lanari -«Estilo ariketak», Xabier Olarrak euskarara itzulia- keinu bat eginez. «Hark, bere liburuan, eszena bakar bera modu desberdinetan kontatua ematen du; nik, aldiz, pertsonaia eta kokapen geografikoa errepikatzen ditut, baina eszenak beti desberdinak dira. Harena ariketa estilistikoa da batik bat; nirea, gehiago da literarioa», zehaztu zuen.

Atal guztiak ere luzera antzekoa dute, 16-18 lerro. Esan daiteke Linazasororen literaturan ohikoagoak diren mikroipuin, poema, narrazio labur edo aforismoetatik gertuago dagoela, edo behintzat horietatik asko edaten duela. «Nobela kanoniko edo ortodoxo bat idazteko ezgai naizenez, nire armak baliatzen ditut testu bat potolotzeko. Nolanahi ere, testu hau nobela bat da, baina izan liteke ipuin-liburu edo prosa poetikozko liburu bat ere. Edo eguneroko bat. Edo bitakora kaiera bat...».

Hirugarren pertsonan idatzita, narratzaile «berezia» da Versusen nondik norakoak kontatzen dituena. «Ematen du gauza asko dakizkiela, baina nahiko zabarra da, askotan zalantzan kontatzen ditu Versusi buruzko kontuak hemerotekan ez begiratzeagatik», esan zuen idazleak.

«Nik ez nuke aguantatuko»

Bere oroitzapen eta esperientziak ekartzen ditu gogora Versusek, guztiak 1985aren aurretikoak. Tolosarra da, idazlea bezala, eta ez da hori konpartitzen duten antzekotasun bakarra, Linazasorok aitortu zuenez. Nahiz eta argi duen berak ez lukeela hainbeste urte horrelako irla batean aguantatuko.

«Oso irakurle fina eta jasoa da, poliglota da, kleptomanoa izan zen, zinegotzia ere bai, inutil totala da ni bezala, soldaduskatik libratu da, metafisika maite du, egun batean irlari izena jartzen dio, hegan egitean pentsatzen du, elurraren gorazarrea dago, ez baitu ikusi bertan dagoenetik, askotan galtzen du esperantza, gimnasia egiten du, autozalea da, itsasoak gauza asko oparitzen dizkio...». Horien artean GPS bat, baina erabiltzen ez dakienez itsasora jaurtitzen du jenio txarrean... Eta horrela 99 pasarteraino.

Haririk gabe

«Nobelak hari argumentalik ez duenez, askatasun osoa neukan zati bakoitzean nahi nuena kontatzeko; eta halaxe bada atera zaizkit zati batzuk lirikoak, besteak teknikoak, metaliterarioak, serioak, aforistikoak...», azaldu zuen idazleak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo