GARA > Idatzia > Kultura

1813ko suntsipen eta berregitean, giza eskubideen alde Donostiak eginiko lan eredugarria, ikusgai

Ceinpro zentroko ikasleek erakusketa bat prestatu dute Donostiako sutearen bigarren mendeurrenaren inguruan. Herritarrek egin zuten lanagatik, Giza Eskubideen Zinemaldiko jarduera paralelo gisa proposatu dute.

p048_f01.jpg

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

Donostiako hiriaren suntsipen eta berreraikitzearen bigarren mendeurreneko ospakizunen ildotik, Ceinpro formakuntza zentroko ikasleek erakusketa bat aurkeztu zuten atzo. Bertako gazteak saiatu dira gertaeren eta egungo hiriaren inguruan duten ikuspegia azaltzen. Lanak ikusgai izango dira ekainaren 8ra arte, Ernest Lluch kultur etxeko areto nagusian.

Ostiral honetan hasiko den Giza Eskubideen XI. Zinemaldiaren jarduera paralelo gisara proposatu dute erakusketa, hiri suntsituaren eraikuntza herritar guztien lankidetza «giza eskubideen erakustaldi erraldoia» izan baitzen, Juan Karlos Izagirre alkatearen esanetan.

Gaineratu zuenez, 1813ko gertakariak oinarrian dituzten jarduera guztiek helburu laukoitza dute; hiria aditzera ematea, gogoratzea, omentzea eta eraikitzen jarraitzea; eta erakusketa honek horiekin bat egiten du. «Hiria eraikitzen jarraitu behar dugu denak elkarrekin, ez dugu atzera egin behar», nabarmendu zuen.

Suntsipenaren aurpegi alaia

«200 urte geroago» izeneko erakusketa donostiar ospetsuen erretratuekin hasten da, lixibaz baliatzen den teknika batez eginiko irudiekin. Bestalde, hiriaren harresian arerioek eginiko arrailak -hortik dator egungo Bretxa- ahalbidetu zuen suntsiketa, eta horren erreprodukzio bat dago. Bertatik pasatu eta Belle Epoque garaian oinarritutako zenbait kartel daude, baita Donostiako zirimiria irudikatzen duen instalazio bat ere.

Collage erraldoi baten bidez azken 200 urteen gaineko atzera begirakoa egin dute, diseinu grafikoko ikasleei atentzioa eman dieten gertakizunen albiste zatiekin osatua. Erakusketako beste atal garrantzitsu bat da 200 lore koloretsuz osaturiko atala, eta hondamendiaren ostean, Zubietan, hiria berreraikitzeko erabakia hartu zuten unearen inguruko ikus-entzunekoa.

Olatz Genua Ceinproko ikasleak, bere irakasleez inguraturik, aipatu zuen ideia proposatu zietenean gustatu zitzaiela, eta gertukoa ikusi zutela. Belle Epoque-ari eskainitako gune bat egitea erabaki zuten Donostiarentzat garai oparoa izan zelako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo