Julen MURGOITIO
Eltzea, sukalde eta kalea
Sutan jartzean probatzen da nolakoa den eltzea. Halaxe bota zuen bertsolariak behin batean. Jakin izan balu gerora zabalduko zen Ikerketa+Garapena+Berrikuntza kateak zer ekarriko zuen plazara beste modu batera botako zukeen. Eltzea jartzean probatzen da nolakoa den sua, edo. Izan ere, eltzearen helburuak asko eta askotarikoak dira gaur egun, eltzeak ekoizten dituenak berak ere uste baino haratago doazela. Are gehiago, eta hau kolpea gero!, batzuetan eltzetik baliatzen dena barrukoa bada ere, txitxirioak egosteko kasurako, beste batzuetan ipurdiaren kanpoko aldea da baliatzen dena, eltze-hotsak danbatekoz zabaltzeko. Kasu hartan sukaldean; kaleetan azken honetan, eltzekada omen dena salatzeko, hots, putxerazoa. Hortaz, kasualitatean euskal eltzegintzak aterabide bat aurkitu du, jakinda ere aterabide guztiak ez direla konponbide; orain falta zaiona da bide hori bertoko langileekin partekatzea, ez dadin gerta ekoiztua lantegiaren aurrean bertan erabili behar izatea, esportatu aurretik.
Presio eltzeak. Eltzetan presiozkoak dira barneko presioa erregulatzen dutenak, batzuetan erregulazio sistemak huts egin arren. Ertzaintzari sarri gertatua, kasuko, eurek sortutako presioa euren eltzean kontrolatu ezinean. Ondo ibili da, ostera, Aske Guneko eltzea, presioa irakasgai jarrita plaza irekian. Odolak su gabe diraki. Odol gorriak, jakina. Hauxe kolpea ere! Biogune, Nanogune, Margune, Tourgune... Hara! zer-gune denak dira txalotzekoak, eskurik ez baduzu ere, Euskadi bikaintasun eremu zer horretan erreferente bidean edo!. Baina Askegune ez! mesedez! otoi! arren! eltze horren presioa ez baita sukaldekoa.
Ama, ama! I+G+B!!. Zein iluna den siglen gerizpea!. Ulertzekoa da egunotan Garan oinezko batek sinatu eta idatzia, hots, horren lehentasunezko gauzatzea norberaren burutik hasi behar dela. Hortaz, lehengoan lehendakari batek maila berean ipini zituen euskal lurraldeen mendebaldeko mugan den birfindegiko gas-isurtzeak eta Donostiako trafikokoak. Gauzak horrela, eta zoru itxura duen zementu etiko beretik, Onkologikok isuria eta Garoñak gordea parekatu lezake hurrengo batean, hura pribatizatuz gutxiago kutsatuko duelakoan. Ene, ene! buru-eltzea, barrukoa eta ipurdia.