Koldo Tellitu | Ikastolen Elkarteko lehendakaria
Zutabeak finkatzeko lurzorurik gabe
Ehun egunetik gora daramatza Eusko Jaurlaritza berriak. Arretaz jarraitu dugu gure alorrean, hezkuntzan, Iñigo Urkullu lehendakariaren taldeak aurkeztu duen programa; dela hauteskunde kanpainan EAJk aurkeztutakoa, dela Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak aurkeztutakoa, dela oraintsu lehendakariak berak aurkeztu duen 2012-2016ko Gobernu Programa. Aitortu behar dugu, gainera, atsegin dugula programa. Ez du erabat bat egiten guk nahiko genukeenarekin, baina bat egin genezake programa horretan aurkeztutako puntu askorekin eta ezarritako oinarriekin.
Nola ez dugu bat egingo, bada, gure haurren 0-3 etapa indartzeko egitasmoarekin? Nola ez dugu bat egingo, bada, konpetentzietan oinarritutako hezkuntza ereduaren aldeko apustuarekin? Nola ez dugu bat egingo, bada, euskal curriculuma garatzearekin? Nola ez dugu bat egingo, bada, irakasleei dagokien ezagutza onartzearekin, haien formazioan sakontzearekin? Nola ez dugu bat egingo, bada, Hezkuntza Legea adosteko egitasmoarekin? Urteak daramatzagu hori dena aldarrikatzen, eta pozik hartu dugu Eusko Jaurlaritzak ere bere egitasmoaren oinarri gisa aurkeztu izana.
Oinarri sendoenek ere huts egin dezakete, ordea, orube egokirik, lurzoru tinkorik gabe. Harea mugikorretan zutabe guztiak ahul baitira. Horrela gertatzen da, gure ustez, kasu honetan ere. Programa hori ez baitugu ikusten Aurrekontu Lege proiektuan islatuta. Eta aurrera begira ere, ez dugu diskurtsoa islatuta ikusten. Helburuak ikusten dira, bai, baina bitartekorik ez; eta bitartekorik gabe helburuak ezin lortu. Puntu batzuk nabarmendu nahi ditugu; ez dira denak, baina lagin esanguratsuak dira zertaz ari garen azaltzeko.
Irakasleen etengabeko formazioa aipatuko dugu lehenik. Azken hiru-lau urteetan sekulako jaitsiera izan da Eusko Jaurlaritzak alor honi eskaini dion finantzaketan. Egungo Jaurlaritzak besteak beste garrantzi handia ematen dio sare eta oinarrizko konpetentzien garapenean murgilduta dabiltzan etapa guztietako irakasleen etengabeko prestakuntzari, baina aurreko Jaurla- ritzaren ildo berari segitzeaz gainera, murrizketa handiagoa prestatu du, eta hemen batzuek besteek baino gehiago sufrituko dugu: %13ko jaitsiera aurreikusi du atal honetan, baina itunpeko sareko irakasleen formazioari dagokionean %60 izango da murrizketa.
Curriculuma garatzea da Eusko Jaurlaritzak ezarritako beste lehentasunetako bat. Ikastolon zutarrietako bat da hori ere. Ez genuen alferrik garatu eta antolatu curriculuma lantzeko taldea. Orain, Ikaselkarrekin, EKI proiektua garatu dugu, datorren ikasturtean DBH1en martxan jarriko dena, euskal curriculuma, konpetentzietan oinarritutako eredua eta integrazioaren pedagogia biltzen dituen ikas-materiala. Proiektu aitzindaria da, 2009an eskola komunitateak (eta Jaurlaritzak berak) hitzartutako euskal curriculuma garatu baitu lehenbiziko aldiz, eta Europatik irakaskuntza mailan datozen zuzentarau berriak biltzen baititu. Hurrengo ikasturtean DBH2rako ikas-materiala argitaratzeko asmoa dugu, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitutakoan Lehen Hezkuntzarekin hasiko gara. Egitasmoa oso garrantzitsua da; curriculumean ez da horrelako jauzirik egin urte luzeetan. Baina une honetan kinkan dago, proiektuak ezin baitu behar bezalako garapenik izan euskal erakundeek ez badute bultzatzen. Kinkan, bai, Jaurlaritzatik azken urteetan alor honetan egin den finantzazio murrizketa areagotu egingo baita. 2012-13 ikasturterako Jaurlaritzak 670.250 euro aurreikusi zuen euskarazko ikas-materiala sortu eta garatzeko; 2013-14rako 104.000 euro jarri ditu aurrekontuetan, %84,5eko jaitsiera, hain zuzen ere.
Ezin ahaztu Seaska. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburu Cristina Uriartek Ipar Euskal Herriko ikastolentzako laguntzari eustea defendatu du; are, UPD eta PP alderdiekin gatazka dialektikoa ere izan du gai honetan. Baina aurrekontuei begiratu, eta Seaska ez da inondik inora agertzen. Aurreko urteetan zuzeneko laguntza jaso du Seaskak Jaurlaritzatik, iaz izan ezik, hitz emana egon arren, azkenean, laguntzarik ez baitzuen jaso. Iparraldeko EEP Euskararen Erakunde Publikoari emandako laguntza ere 57.000 eurotan gutxitu du Jaurlaritzak (iaz baino %12,5 gutxiago).
Haurren 0-3 etapak ere zalantzak eta kezka eragiten dizkigu. Garrantzia ematen dio Eusko Jaurlaritzak etaparen ezarrerari jarraipena emateari «instituzio ezberdinak lankidetzan arituz eta hiru urtetik beherako haurrentzako dagoen heziketa eskaerari etenik gabe erantzunez». Zalantza handiak ditugu, ordea, diru kontuei begiratzen diegunean, iaz itunpeko sareak atal honetan 29 milioi euro jaso baitzituen, eta aurtengo aurrekon- tuetan 21 milioi aurreikusten baitira, hau da, %27,6ko jaitsiera.
Puntu gehiago aipa genitzake, luze joko luke, ordea. Dena den, inork ez dezala har hau publikoaren eta itunpekoaren arteko gatazka gisa. Baina hitz egitean, zenbaitek kontrakoa esan edo iradoki badu ere, zertaz ari garen argi edukitzeko eskatu nahiko genieke itunpekoak are gehiago estutzeko eskatzen ari direnei, eta ongi begira ditzatela kontuak, ohartuko baitira, esaterako, Lanbide Heziketan batere finantzaziorik ez dugula, eta alor horretan Hezkuntzak 224.000 euro (iaz baino apur bat gutxiago) aurreikusi dituela hezkuntzarekin zerikusi gutxi duen Confebaskentzat.
Oraindik orain ez dakigu aurrekontuak dauden bezala onartuko diren, aldaketak egingo dizkieten edo iazkoak luzatuko diren. Jakin badakigu, ordea, hezkuntzan jartzen den euro bakoitza ez dela gastua, etorkizunerako inbertsioa baino. Handik kentzen den euro bakoitza, berriz, ez da aurrezkia; galera da.