GARA > Idatzia > Euskal Herria

Salegiri emazte eta semearekin egoteko eskubidea ukatzen diotela salatu dute

Oroitz Salegi euskal preso politikoari ez diote utzi Allur semea ezagutzen ere. Duela zazpi hilabete jaiotako haurrarekin eta Lierni Armendariz emaztearekin espetxe berean egoteko eskubidea izanik, hori errespetarazteko agerraldia egin zuten atzo Donostiako Antigua auzoan.

p016_f01.jpg

GARA | DONOSTIA

Hogei urte bete ditu espetxean Donostiako Antigua auzoko Oroitz Salegik, eta bere emaztearekin (Lierni Armendariz Beasaingo presoa) eta Allur semearekin egoten ez diotela uzten salatu zuten atzo.

Auzoko frontoian egin zen agerraldian azaldu zutenez, Salegi eta Armendariz espetxe berean zeuden, Mansillan, elkarren arteko komunikazioak errespetatzen zituzten espetxe arduradunek. Egoera hau erabat aldatu zen duela hamar urte. Armendariz Mansillatik Aranjuezera eraman zuten haurra izateko, Leongo espetxea ez baitago horretarako prestatuta.

«Allurrek zazpi hilabete bete ditu dagoeneko eta amak eta semeak Oroitzengandik banatuta segitzen dute. Zazpi hilabete pasatu dira eta Oroitzek ez du izan ez semea ezagutzeko ez besarkatzeko aukerarik», nabarmendu zuten Martin Agirrek, auzoko eragileen izenean, eta Arantxi Aparizio abokatuak.

«Ez dugu ulertzen zergatik haurra jaio ondoren, ez duten Lierni espetxe berberera eramaten. Ez dugu ulertzen zergatik haurra izan ondoren, ez dieten uzten hirurei elkarrekin egoten», gaineratu zuten.

Horrelako egoeretan, aita, ama eta semea espetxe berean egotea ohikoena dela nabarmendu zuten. «Oroitz, Lierni eta Allur pairatzen ari diren egoera giza eskubideen urraketa larria da. Ez da bermatzen Oroitzek bere semea ezagutzeko eta berarekin egoteko eskubidea. Ez da bermatzen Oroitzek eta Liernik elkarrekin komunikatzeko duten eskubidea. Honekin batera, ez da errespetatzen Allurrek gurasoak ezagutzeko eta beraiekin egoteko duen eskubidea», azaldu zuten.

Hori dela-eta, eskubide hauen aldeko kanpaina bat martxan jarri dute Antiguan, eta auzoko eragile eta biztanle guztien sostengua eskatu zuten. «Hirurak elkarrekin espetxe berean egoteko duten eskubidea bermatzeko eskatzen dugu, semea izan baino lehen Lierni eta Oroitz zeuden bezala», adierazi zuten.

Azkargortaren alde

Bestalde, Aramaion Luis Mari Azkargorta Kanto askatzeko ekitaldia egin zuten atzo. 25 urte eman ditu espetxean eta zigorra luzatu egingo diote.

Azkargortaren askatasuna aldarrikatzeko hurrengo ekitaldia hilaren 25ean izango da, hain zuzen, Aramaio eta Bergara arteko bizikleta martxa egingo dute, «25 urte, 25 kilometro» lelopean.

beñat san sebastian

Beñat San Sebastian preso bidartarra atzo aske utzi zuten, Herrirak jakitera eman zuenez. Atzo bertan iritsi zen Biarrizko aireportura.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo