Berezkoak | Binakako finalerdia
Waltari eta Harizmendi bizirik daude, eta txapela lortzeko faborito bihurtu dira
SORHUET-DUCASSOU 28
WALTARI-HARIZMENDI 40
Jon LEUNDA
Waltari eta Harizmendi bizirik daude, eta finalean izango dira. Kubakoa eta Nafarroa Beherekoa behetik gora etorri dira, eta indar handiarekin, gainera. Atzo gaitzeko partida egin zuten, finalerako txartela lortuz, eta ongi merezita, gainera.
Waltari tartean baldin bada, normalean dirua bere alde ateratzen da, baina atzo ez zen horrela izan, Sorhueten eta Ducassouren alde baitzegoen. Txapelketa handia eginda zetozen, jokatutako partida guztiak irabazita, baina atzo ez zen izan beraien eguna, batez ere Sebastien Sorhuetena.
Presioa ez zuen gainditzen asmatu, eta hor galdu zen. Battite Ducassouk, berriz, norgehiagoka handia egin zuen. Irabazleak gehiago izan ziren jokoan, baina gakoa galdutako pilotetan izan zen, eta hor egin zuen huts Sorhuetek, asko galdu baitzituen, eta aurkariek ez zuten barkatu. Finala apirilaren 28an jokatuko dute Baionan, Larretxearen eta Lanberten aurka.