GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

27 ordu Mentawaiko itsasartean galduta

«The Barrenjoy» ontziak itsasoan 27 ordu zeraman surflari bat erreskatatu du.

p052_f02_97x100.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Padang eta Meantawais irlen artean dagoen itsasartea ezaguna da surflarien artean. Guztira 90 miliako ibilbidea da, eta inguru horretan irla andana dago, baina batez ere, itzelezko olatuak dauden uharteak daude. Horregatik, surflari askok Mentawaiko irletan hasten dute bidaia. Kasu askotan urautsira gerturatzeko modu bakarra ontzi bidez da, beraz, itsasontzi batean surflari talde bat bildu eta Indiako Ozeanoaz gozatzeko bidaiak nahiko ohikoak dira.

Brett Archibald surflari hegoafrikarra «Naga Laut» itsasontzian aurkitzen zen, beste bederatzi surflarirekin Mentawaiko itsasartea zeharkatzen. Apirilaren 17an, goizeko 04.30ean ikusi zuen azken aldiz beste bidaia kide batek, baina goizean, gosaltzeko orduan ez zen bere arrastotik. Inguruko ontziak eta Indonesiako agintariak surflariaren bila hasi ziren, baina ez zuten hura aurkitzea lortu.

Haizeteen eta korronteen norabidea eta indarra kontuan hartuta, Archibald non egon zitekeen kalkulatu zuten adituek eta eremu posible bat marraztu zuten maparen gainean. Ekaitza eta itsaso zakarra izan arren, «The Barrenjoy» ontzi australiarreko kideek buruz gora aurkitu zuten Archibal, itsas azalean flotatzen, Sipora irlatik 12 miliatara.

Beranduago, jazotakoa kontatu ahal izan zuenean, honela mintzatu zen Archibald: «Halako batean prismatikoekin ikusi ninduten antza, eta ni jasotzera etorri ziren. Inoiz ez nintzen ontzi bat ikusteaz hainbeste poztu, nahiz eta australiarrez josita zegoen. Orain australiar zale bilakatu naiz, mutil hauek maite ditut».

Gorputz azala erreta eta oso deshidratatuta zegoen Archibald aurkitu zutenean, egoera tamalgarrian, baina bizirik zegoen.

Uretatik atera bezain laster halako kasuetan ematen den zaintza jaso zuen Archibaldek. Gorputz zauriak eta erredurak osatu, ongi hidratatu, eta gutxieneko indar apur bat errekuperatu bezain laster bere emazteari deitu eta zer gertatu zitzaion kontatu ahal izan zion.

Antza, Archibald zorabiatuta zegoen, lo egin ezinik, eta gelatik atera zen aire pixka bat hartzera ontziko bordara. Konturatu zenerako kareletik erori zen, itsasontziak bere bidea jarraitu zuen eta itsaso zabalean geratu zen, bakar-bakarrik, galduta.

Inor ez zen konturatu ontziko kide bat falta zela gosaltzeko orduan agertu ez zen arte. Orduan hasi ziren bere bilaketa lanak.

Archibalden esanetan zortzi bider egon omen zen itotzeko zorian. Medusek eta arrainek hozka egin zioten eta kaioek begiak atera nahi izan omen zizkioten. Horrez guztiaz gain, marrazoz inguratua zegoen.

27 ordu halako baldintzetan igaro ostean, eta heriotzatik hurbil izan arren, bere surf bidaiarekin jarraitzeko asmoa adierazi du hegoafrikarrak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo