GARA > Idatzia > Kultura

KRONIKA | Rock

Eserita ere, «eppur si muove»

p054_f07_148x160.jpg

Ane ARRUTI

Kantu bat ona denean akustiko moduan jo daitekeela esan zuen Galder Izagirrek «Haria» diskoa aurkeztu zutenean eta Berri Txarrak-en azken disko horretako gehienekin posible zela. Donostiako Kursaalen larunbatean eskainitako emanaldian erakutsi zuten gai direla horretarako ere. «Paniko!» oihukatzen zuen Joseba Irazokiren eta bere «oso banda»ren erakustaldi bakoitzak aurpegian uzten duen irribarre ezabaezinarekin geundela igo zen oholtzara Gorka Urbizuk gidaturiko hirukotea. Eserita jarri ziren hirurak, entzuleak bezala, ez zigarro kerik, ezta garagardo katxirik ere, ezberdin, arraro. Belusezko teloi gorriak inguratuta, mahai txikietan lanparak zituztela, besaulkiak, kafetegi chill out bilakatu zuten bete-bete egindako aretoa. «Makuluak» lasaiarekin ekin zioten, gitarra garbia, baxu eta bateria sotilak, ezohiko formatua ezohiko plaza baterako. «Haria» izan zen hurrena eta «Min hau» gero, goxo, ezti.

Laugarren kanturako zutitu egin zen Gorka, eta mikroarekin agertokiaren ertzeraino hurbildu, erdi-erdian jarri, oihala bere atzean ixten zen bitartean, bera eta gitarra baino ez zabal-zabal egindako 3.600 begiren aurrean. Ileak puntan jartzerainoko isilunea eta txalotan lehertu ziren «Eskuak», tximeletak sabelean. «Iritsi» kantuari ekin zion, bakarrik, kantuaren erdian teloia zabaldu zen arte. Han zeuden Galder eta David harrobi baten amildegian. Sutondoaren berotasunetik harriaren garratzera, lanparen argi mehetik tximisten ekaitzera, gitarren zorroztasunera, bihotzeko taupadak biderkatzen dituen baxu sarkorrera, akabo bateriarekiko kupida guztiak. Estasia. Egurra.

Tarteka zutitu, berriro eseri, oihu, txalo, txistu egin, muturreko emozioen zurrunbiloan murgildu zen Kursaala bi ordu pasatxoz. Kantuen artean arnasa hartzeko ere gelditu gabe, -«Oreka» kantuan betiko izoztuta geldituko zirela sinetsarazi ziguten geldialdi eternala salbu-. «Ez dago protokolorik, baldintza bakarra dago, disfrutatu eta sentitu», gonbidapena egin zuen Gorkak. Hasierako diskoetatik azkenengoraino. Omenaldi txikiak ere bai, hil berri den Deftones taldeko Chi Cheng baxulariari, Mikel Laboa eta bere «Lilurarik ez» kantuaren bertsio liluragarria, eta «Maravillas» kantuarekin, Larragan fusilatutakoen oroitzapenetik Aske Gunera. «Faxismoak aurpegi asko izan ditzake», gogoratu zuen lekunberriarrak. «Gurea omen den telebista batek Bostongo kaleak oso ongi ezagutzen ditu. Donostiako Bulebarrera bidean galdu egin da, ordea».

Bi bisen ondoren, hirugarrena. «Ikasten» kantua «nire amari eta aitari» eskaintzen zion bitartean konturatu zen Gorka kontzertu honen ezohikotasunaz. Bertan ziren nonbait, publikoan gutxitan bezala ikus zitezkeen aita-seme, guraso eta gaztetxoen artean. Bukaeraren bukaera, Kursaal osoa zutik eta ukabilak astinduz, «Denak ez du balio»-rekin iritsi zen. Guztiak zutik, Davidek Rise Againsteko Timen lekukoa hartuz, 1.800 eztarri urraturekin bat eginez. Eserita, zutik, taberna zuloan, gaztetxean, txosnetan edo Kursaalen... Berri Txarrak eppur si muove.

Fitxa

Kontzertua: Joseba Irazoki eta Berri Txarrak.

Eguna: 2013-04-20.

Lekua: Kursaal aretoa, Donostia.

Ikusleak: 1.800, beteta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo