GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Joxemari Iriondo Ohorezko euskaltzaina

Joakin Berasategiren heriotzaren urteurrena

Bihotzez gogoratu eta goratu nahi dut urrun honetatik Olaberriko seme argi, langile asperrezin eta kezkatia

Nola ez dut ba gogoratuko 2012ko apirilaren 2an idatzi nuen hura? Ez dakit zergatik, baina lorik egin ezinda nengoela, halako batean, SMSa nire mobilean. «Aita hil da», esan zidan Eneka Berasategi Joakinen alabak. Gaueko 02.14 ziren

Eta urtebete joan zaigu ordudanik, ustekabean, ezer asko egiteke haren gorantzan eta oroimenez, nahiz eta aldi bateko euskal kultura alorraren ongilerik onenetakoa izan zen urte askoan Joakin.

Gogoan dut ere nola idatzi nuen egun madarikatu hartan:

«Zor handia diogu Joakin Berasategiri, eta goraki esan nahi dut horixe. Zor handia, Euskal Herriak, Euskaltzaindiak, euskal kulturak, ahozkotasuna maite eta estimatzen duen edonork, gure bertsolaritzak, bertsolariek, bertsozaleek...

Euskaltzaindiarekin eskuzabaltasun handiz jokatu zuen Joakinek, Sendoako bere artxiboan zituen bertsolari zaharren milaka argazki bere esku jarri zituen duela urte batzuk, edo eta Auspoa sail osoa Koldo Mitxelenarekin batean Interneten jartzeko baimena eman, A. Zavalarengandik hartu zuen erabilpen zuzenaren kontsigna beste baldintzarik gabe.

Zor handia dio gure Auspoa sailak, Joakin Berasategi izan baitzen Antonio Zavalaren mezenasik zintzo eta eskuzabalena.

Zor handia dio Deiadarra taldeak, beti lagundu baitzigun Xalbador Eguna antolatzen, besteak beste Urepelerako Auspoa kolekzio osoa opari egin eta beste hainbat laguntasun emanez.

Eta zor handia diote bertsolaritzak, bertsolariek eta bertsozaleek ere ezbairik gabe, bertsozale borrokatua eta laguntzaile izan zen-eta hainbat jaialdi eta ekintzetan.»

Orain, bere heriotzaren lehenengo urtemuga heldu denean, Txileko Santiagon udazkeneko bazkalondo sargori honetan hasi naizenean duela urtebete aipatutako zordunok zertsu egin dugun gogoratzen, lotsa gorria datorkit, ez baitugu deusik egin.

Deiadarra taldeak nolerebait bete zuen beretxoa, 2012ko urriaren 27-28an Urepelen egindako Xalbador Eguna Xalbadorri eta Joakin Berasategiri eskainiz. Badakit ez dela gauza handia, baina hutsa baino gehixeago nonbait.

Auspoa sailak, Santi Zabala Lexoren «Udaberriz» liburuaren (Auspoa, 325) aurkezpena egitean, Joakin Berasategi goraipatu nahi izan du martxoaren 27an. Ez zegokion gutxiago, Xanti Zabala ere estimatua zuen-eta.

Baina noiz egingo dio zerbait Euskaltzaindiak, noiz bertsolari eta bertsozaleek, noiz ahozkotasuna ahoa betean goraipatzen dutenek, noiz denon artean elkar hartuta zerbait gehiago?

Badakit denon santu harturik ez dela gure Euskal Herri honetan ere; baina nik, bihotzez gogoratu eta goratu nahi dut urrun honetatik Olaberriko seme argi, langile asperrezin eta kezkatia, Aitor Sarriegi bertsolari txapeldun beasaindarrak bera goratuz 2012ko urriaren 28an Urepelen bota zuen bertso hura gogora ekarriz, uste baitut bete-betean datorkiola:

«Liburu asko ezagutu det gure etxeko apaletan,

batzuek hautsak hartuak, baina besteak gau-mahaian bertan.

Beste garai bat ezagutu det nik liburu hoien bueltan.

Transmisioa behar da bizi nahi bada gaur-biharretan,

ta katebegi garrantzitsua izan da Joakin horretan.

ta katebegi garrantzitsua izan da Joakin horretan».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo