GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Binakako Finala

Pilotari karneta eskuetan

Pilotaren eta goi mailako kirolaren aurpegi ia guztiak ezagutu ditu ataundarrak aurtengo Binakako Txapelketan, kritika zorrotzenetatik laudorio oparoenetara, kantxan sufritzetik, frontoian gozatzera, porrotetatik garaipenetara eta bere ibilbideko lehen finala jokatuko du.

p036_f01_354x345.jpg

Jon ORMAZABAL

Esan ohi da, Eliseoko Zelaietan lehen Tourra amaitu eta taldekideez inguratuta Parisko kale dotoreenetan buelta bat ematerakoan jaso ohi duela txirrindulari batek izaera fisikorik ez duen «txirrindulari karneta». Pilotan, berez lausoa den muga edo graduazio hori askoz ere lausoagoa geratzen da, profesionaletan debutatzea, final bat jokatzea, txapela janztea... mugarriak izan daitezke, baina ofizioa benetan ikasteko, badira ondo barneratu beharreko beste hainbat lezio ere; lanabesak -eskuak- zaindu eta behar bezala osatzea, kritikak eta laudorioak kudeatzen jakitea, gauzak maldan gora egon arren amore ez ematea, bikotekidearekin konfiantza garatzea...

Mugarria dagoen lekuan dagoela, 22 urterekin eta profesionaletan hiru bete aurretik, Jon Ander Albisuk balizko karnet hori eskuetan daukala esan daiteke, eta bide horretan, aurtengo Binakakoa ikastaro trinko bat izan da ataundarrarentzat.

2010. urteko uztailean Beotibarren debuta egin zuenetik, Binakakoan Patxi Ruiz ordezkatu behar izan zueneko partida kaxkar hura kenduta, esne mamitan aritu da goierritarra, Olaetxearekin jantzitako Binakako Promozio txapela, lehen estelarrak, udako torneoak eta txapelketa nagusi bateko debuta.

Finalerdietan kanporatuak izan baziren ere, orokorrean hartuta, txapelketa erosoagoa izan zen 2012koa. «Iaz lehen urtea izan zen eta agian barkatu ere gehiago egiten zidaten», onartu zion GARAri ataundarrak denboran atzera eginez.

Bere kirol bizitzaren goia jo du Jon Ander Albisuk eta oraintxe igandeko finalean jarrita ditu indar eta esperantza guztiak, baina ez dauka ezkutatzerik aurtengo Binakako Txapelketako ibilbidea bereziki gogorra izan dela beretzat. «Bai, hala izan da, partida askotan gure maila ezin emanda aritu gara eta ez da erraza izan. Lehen lau partidak galdu genituen eta denbora guztian atzetik ibili behar izan gara, partida asko finalak modukoak izan dira, galduz gero kanpoan geratuko ginela argi izan dugu eta presioa handia izan da horregatik».

Lau eta Erdikoan bikain aritu ostean, Pablo Berasaluzeri kosta egin zitzaion txapelketan sartzea, baina Berrizko aurrelariak bere maila berreskuratu zuenean, atzelariaren arazoak hasi ziren eta oso partida gutxitan jokatu ahal izan dute biek ahal duten mailan. Bere kasuan, eskuetako arazoekin ibili da eta horrek kantxara beldurrez irtetea eragin zion, eta honek, era berean, behar baino pilota gehiago galtzea ekarri zuen.

«Nireak bakarrik kontatu ziren»

Hitz askokoa izan ez eta, atsedenik hartu gabe, eskuetan masajeak hartuz partida guztiak jokatu nahi izan zituenez, Pablo Berasaluzeri egokitu zitzaion bere alde irten eta kazetari eta zaleek egur gehiegi eman ziotela aldarrikatzea, arazo fisiko hauei jaramon handirik egin gabe. «Azkenean egurra eman didate, baina buelta asko ematen ez dizkionetako bat naiz, ohera joaterakoan lo lasai egiten dutenetakoa naiz, eta horrek ere laguntzen du burua despejatuta izaten eta aurrera jarraitzen», azaldu du Albisuk. «Nire kaleak bakarrik kontatzen zirela ematen zuen, baina nik banekien zergatik gertatzen zen, eskuak ondo ez zeudelako, eta orain, errekuperatuta daudela, konfiantza berreskuratu eta gustura nabil», gaineratu zuen.

Gainera, esan daiteke denborak arrazoia eman diola, lanabesak osatuta, lehen zorrotzegiak izan zitezkeen kritikak prentsa titularretan horren dotore geratzen diren laudorio epiko izaten amaitu baitute, bereziki lehiarik erabakigarrienean finalean arerio izango dituzten Irujoren eta Zabaletaren aurka jokatutako partida bikainaren ostean. «Azken lau partidetan eskuetatik oso ondo egon naiz eta azken biak Iruñean oso onak irten zaizkit. Batez ere konfiantza berreskuratzeko balio izan dit eta baita orain arte kritikatzen aritu direnak pixka bat isiltzeko ere», azaldu zuen ataundarrak, ahotsa altxatu gabe, baina aldarrikapen tonuz.

Gainera, «azkenean kritika horiek guztiek motibatu ere egiten zaituzte. Laguntzeko, familia, Pablo eta betiko lagunak alboan izan ditut eta denon artean saiatu gara kritika guztien borroka egiten eta erakutsi da, eskuetatik ondo eta konfiantzarekin nagoenean, nire jokoa egiten dudala eta bikote ona osatzen dugula».

Elkarrizketan zehar, behin eta berriz irteten den izena da Pablo Berasaluzerena, izan ere, profesionaletan bere aitapontekoa izan dela ere esan daiteke, ataundarrak maila nagusian jokatutako partidetatik asko eta asko, txapelketakoak eta udako festetakoak, bizkaitarraren aldamenean jokatu baititu. «Berak esperientzia handia dauka, 15 urte daramatza hor profesionaletan eta azkenean nik behar dudana horixe da, norbaitek hitz egitea, partidan sartuta edukitzea eta Pablok horretan asko laguntzen dit, eta ni oso pozik nago berarekin, ea urte askotan elkarrekin jokatzen jarraitzerik dugun».

Kantxa barruan ere, bata bestearentzat eginda daudela ematen du, bataren eta bestearen dohainak erabat bateragarriak dira-eta. «Bera ikusten da orain oso ondo dagoela, eta azkenean, uste dut berak ni behar nauela eta nik bera. Nik tantoa bukatuko duen aurrelari bat behar dut eta berak atzean dominatuko duen atzelari bat, aurrean sartzeko aukerak izateko».

Baina bikotekidea ez da, inondik inora, ikasketa prozesu honetan izan duen bidaide bakarra. «Maisuekin ez daukat kexatzerik, Anizetorekin -Lazkano- badaramatzat bost edo sei urte entrenatzen eta Rubenekin -Beloki- lehengo urtetik oso gustura nabil eta bien laguntzarekin, eta nire lanari esker, debutatu nuenetik inork ez dit ezer erregalatu; ea hobetzen joaten garen».

«Gehienbat kolokazioa lantzen ari gara, kantxan ondo jartzen ez bazara, pilotak gora joatea ekartzen du horrek, eta nire ustez horretan lan dezente egiten ari gara», azaldu zuen arlo horretan hobekuntza nabaria izan duela uste duen atzelari goierritarrak.

Aste honetan, gainditzeko geratzen zaion azken ikasgaiari egin beharko dio aurre; lehen finala jokatu eta honek aurreko egunetan sortzen duen guztiari aurre egitera. «Momentuz lasai nago, baina eguna gerturatu ahala nabaritzen joango naizela uste dut, azken partida ere hil ala bizikoa zen eta oso lasai irten ginen biok kantxara».

Herrian ere giroa berotzen ari da eta igandekoa egun berezia izango da Goierriko bihotzean. Muñoa baserriko mutila izan da herriko lehen pilotari profesionala, eta beraz, honako hau izan daiteke herriko seme batek jantzi dezakeen lehen txapela. Dagoeneko, finalerako sailkatu zenean, San Gregorio bere auzoko bizilagun batek etxafuegoak bota zituen, berria lau haizeetara zabalduz. «Herri txikiotan asko ez gara izaten, tarteka geratzen naute animatzeko edo zorionak emateko eta eskertzen da». Bilbon ez da otsorik faltako. «Dagoeneko bi autobus bete dituzte eta hirugarrena ere bidean doa, ea txapela ekartzen dugun».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo