GARA > Idatzia > Mundua

Rohingya herriaren aurkako garbiketa etnikoa egitea leporatu diote Myanmarri

Human Rights Watch (HRW) taldeak Myanmarko agintariei leporatu die rohingya talde etnikoaren kontrako garbiketa etnikoa gauzatzeko kanpaina egiten ari direla.

GARA | BANGKOK

Rohingya etnia islamdarraren kontrako garbiketa etnikoa helburu duen kanpaina bat martxan jartzea leporatu zien Human Rights Watch (HRW) taldeak Myanmarko agintariei. Gutxiengo honetako kideak indarrez beren bizilekuak uztera behartu dituztela dokumentatu duela gaineratu zuen HRWk.

«Gizadiaren kontrako krimenak izan dira rohingya etniakoen kontra, eta eraso horien arduradunak Myamarko Gobernua eta segurtasun indarrak direla dokumentatu dugu», esan zuen HRWko Asiako zuzendariorde Phil Robertsonek.

HRWk prestatu duen txostena aurkezteko Bangkoken egin zuten agerraldian Robertsonek nabarmendu zuenez, iaz budisten eta islamdarren artean izan ziren istilu bortitzak ez ziren talde soilen arteko liskarrak izan.

«Izan den indarkeria komunitateen arteko liskar gisa aurkeztu badute ere, Arakan estatuan egin dugun ikerketak frogatzen du segurtasun indarrek zerikusia izan dutela bortizkeria horretan», esan zuen Robertsonek.

Rohingya etniakoen kontrako erasoetan fraide budistek eta Arakan estatuko (Myanmar mendebaldean) tokian tokiko agintariek izan duten ardura ere nabarmendu zuen.

HRWren txostenak ohartarazi du desplazatu eremuetan rohingya etniako 125.000 kide pilatzen direla, krisi humanitarioa pairatzeko arrisku bizian. Eremu horietan uholdeak izaten dira euri-sasoian (maiatza eta ekaina), izan ere, arroza ereiteko soroetan kokatu ziren, inolako aurreikuspenik gabe.

«Krisi humanitarioa heldu dela esan genezake. Hemendik aurrera okerrera egingo du», esan zuen Robertsonek.

HRWko arduradun honen arabera, garbiketa etnikorako kanpaina aurrera doa, Arakango rohingya nahiz beste musulmanei bideratuta laguntza blokeatzen dutelako eta beraiek mugitzeko arazoak dituztelako.

Oztopo horiek kentzeko eta atxiloketa masiboak amaitzeko eskatu zien Robertsonek Myanmarko agintariei. Bide batez, indarkeria ikertzeko nazioarteko batzorde bat sortzeko ere eskatu zuen HRWko arduradunak.

Bankgoken atzo aurkeztu zen txostenean, ehundik gora elkarrizketa eta argazki biltzen dira, islamdarren eta budisten arteko indarkeriari buruzkoak.

HRWk dioenez, milaka eta milaka rohingya etniako nahiz bestelako islamdarrek bidaia arriskutsuak egin dituzte itsasoz, Sri Lanka, Thailandia edo Malaysiara ihes egin nahian. Asko eta asko bidean hiltzen dira, ordea.

HRWren arabera, «2012ko ekainean arakandarren eta rohingya etniako kideen artean izandako indarkeriaren ondoren, Gobernuaren agintariek meskitak suntsitu, atxiloketa masiboak egin zituzten eta desplazaturiko islamdarrei bidalitako laguntza blokeatu zuten».

Talde honen arabera, hurrengo hilabeteetan, segurtasun indarrek tokian tokiko agintariei eta fraide budistei lagundu zieten rohingyak eta islamdarrak euren etxeetatik botatzen. Honek indarkeria gehiago eragin zuen 2012ko urrian.

«Urriaren 23an, hilabetetan garbiketa etnikoaren aldeko bilerak eta adierazpen publikoak egin ostean, arakandarrek komunitate islamdarrei eraso egin zieten bederatzi herritan, etxeak birrinduz eta bertakoak hil zituztelarik. Segurtasun indarrak alde batean gelditu ziren edo erasotzaileei lagundu zieten», dio HRWk.

125.000

HRWk plazaraturiko datuen arabera, 125.000 rohingya daude desplazatuen eremuetan. Krisi humanitario larria pairatu dezakete euriteak hasten direnean (maiatza eta ekainean).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo