GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Milaka argi Nafarroan» kanpaina arrakastatsutzat jo dute IKA euskaltegiek

GARA | IRUÑEA

Azaroan abiatu zen «Milaka argi Nafarroan» kanpaina amaitutzat eman zuten IKA euskaltegiek atzo, eta emaitza arrakastatsua izan dela nabarmendu zuten.

Azaldu zutenez, kanpaina honek bi helburu nagusi zituen: Nafarroan euskaldunen sarea zabala dela adieraztea eta Iruñerriko IKAren euskaltegiak diruz laguntzea. Hortaz, lehendabiziko saio honetan funtsezkoa zen kanpaina bera ezagutaraztea, gizarteratzea.

Lehendabiziko helburuari dagokionez, «Nafarroako udalerri guztiak piztea erdietsi ez badugu ere, ehundik gora dira argitu ditugun udalerriak, Nafarroako zonalde guztietan: Beratik Izabaraino, Ablitastik Vianaraino». Helburu honi loturik, heldu den urtean burutuko duten ekitaldian hizkuntz komunitatea trinkotzera joko dutela nabarmendu nahi izan zuten IKA euskaltegietako kideek.

Izan ere, gaur egungo kezka nagusia «Nafarroaren euskalduntasuna ukatzeko egiten diren ahaleginetan» oinarritzen da. Gogor kritikatu zuten 1986ko Euskararen Legea, «zonalde euskaldunak» populazioaren 11% baino hartzen ez duela salatuz, eta zonalde mistoan «euskaldunon hizkuntz eskubideak bermatzen ez diren honetan», Nafarroaren populazioaren erdia baino gehiago bizi dela azpimarratuz. Traba guztien gainetik, «eremu erdaldunean» ere euskaldun kopuruak gora egin duela adierazi zuten.

Ziztada indartsua

Bigarren helburuari dagokionez, euskaltegien finantzazioari, alegia, 25.000 euro inguru jaso dira Barañaingo Sahats, Iruñeko Arturo Campion eta Atarrabiako IKA euskaltegiei laguntzeko.

«Gure aldarria beti izan da euskara ikasi nahi duenari horretarako aukera eman behar zaiola, eskolak egun osoan eta doan eskainiz. Oraindik hori erdiesteko asko falta dugu, baina herritarrari ahalik eta gutxien kobratzen saiatzen gara», azaldu zuten IKAko kideek.

Iruñeko exekutiboari zuzendu zizkioten ondoren kritika zorrotzenak: «Nafarroako Gobernu foralak lanean ari diren herri ekimeneko euskaltegiei diru laguntza ttiki bat eman izan die gobernuak berak egin beharko lukeen lana egiteagatik, eta euskaltegi hauek 40 urtean baino gehiagotan egoera zailean ari behar izan dute lanean, egoera itogarrian». Gaur egun, esaterako, «hutsaren hurrengoa den» diru-laguntza hori ere ez diote helarazi IKAri, «krisia aitzakitzat harturik».

Hortaz, kanpainaren lehen fasea amaitutzat eman zuten, baina honen webguneak (www.milaka-argi.com) zabalik jarraituko du, nahi duenak ekarpena egiteko bidea izan dezan, eta bertan dagoen material didaktikoa jasotzeko aukera ere izateko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo