GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Fredi Paia Bertsolaria

«Harresistentzia»

Pentsaera utilitaristak ez gaitu etsipenera eroan behar. Borrokaren ageriko emaitza baino garrantzitsuagoa baita borrokaren idealek, erresistentziak eta galtzaileen adoreak gainerakoei transmititzen dien energia

Historialariek Vicente Rojo Lluch Ebroko borroka ospetsuaren estratega militar errepublikazalearen ahotan ipintzen dute esaldia: Resistir es vencer! (Erresistitzea irabaztea da). Ordutik soka-tiralari baten bati ere entzun izan diot. Rojok, akademia militar askotan, eta bereziki sobietarrean, irakasten zen maniobra militar bikaina diseinatu zuen, ordu gutxitan ehun mila soldaduk Ebro ibaia gurutza zezaten.

Rojoren asmoa, orduan Errepublikako buru politikoa zen Negrinen eskariz, erasoaldi baten bidez denbora irabaztea zen. Alde batetik, faxistek Teruel hartu ostean Valentzia konkistatu gura zuen ofentsiba faxista indargabetu, eta bestetik, Hitlerrek Txekoslovakia militarki okupatzeko publikoki erakusten zuen grinak epe laburrean eragin behar zuen gerratea piztu arte amorerik ez ematea. Ipuinaren amaiera, beste hamaika kontakizun demokratikoren berbera izan zen. Europak faxismoarekin bakea sinatu, Espainia eta Txekoslovakiako Gobernu demokratikoak salduta utzi eta 130.000 gorpu txakurren bazkarako geratu ziren Ebro ibaiaren eta Gandesa bitarteko lurretan. Ai, Carmela...

Aurreko barikuan Donostian jazo zena ikusteak euskaldun, independentista eta ezkertiar izateaz harro sentiarazi ninduen. Zapalduen historia borroka berriei ekiteko energia ematen diguten erresistentzia heroikoz eta borroka galduez beterik dago. Eta pentsaera utilitaristak ez gaitu etsipenera eroan behar. Borrokaren ageriko emaitza baino garrantzitsuagoa baita borrokaren idealek, erresistentziak eta galtzaileen adoreak gainerakoei transmititzen dien energia. Badira energia sortzaile diren porrotak, indiferentzia entropikoa eragiten duten garaipenak bezainbeste.

Beti ipini ohi dut adibide bera, XX. mende erdialdeko mugimendu politiko karlista. Nafarroako Brigadak Francoren infanteriarik bortitzena izan ziren. Garaipenez garaipen ibili ziren gure mendietatik Mediterraneoko hondartzetara, Lemoatik Gandiara. Baina euren idealak gerra amaitu bezain laster desagertu ziren. Euren garaipenak ez zuen energiarik eragin euren ondorengoengan. Falangismoaren eta Opus Deiren arteko dieta kobratzaile bihurtu ziren, mugimendu ideologiko moduan desagertu ziren, Karlismoaren aldarrikapena anekdotiko bihurtzeraino XXI. mendeko bizitza politikoan.

Beraz, ikas dezagun galduz irabazten, kartzelako ziegan dagoenari nire artikuluko orriarekin ipurtzuloa garbitzeko gogoa sortu arren ere. Artikulu honentzako zeregin duina litzateke.

Bestela, Legazpin bezala, borrokak irabaziz galtzen amai genezake eta. Alferkeria soziala aurkari gogorregia da erreferendum bidez bere kontra lehiatzeko. Lantokira joateko goizeko seietan iratzartzearen aurkako bozketarik balego, argi daukat herriak zer bozkatuko lukeen. Iratzargailuko alarma ipinita daukan orduaren araberako botoa. Baina geuk gauzak besteek baino hobeto egin behar ditugu, egiten dakigulako.

«Harresistentzia» praktikatu dezagun indarrak desorekaturik dauden borroketan. Baina ez ditzagun besteak «harresistitzera» derrigortu, epe luzeko itsukerian oinarrituta egiten badute ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo