GARA > Idatzia > Euskal Herria

Aita hil eta hamabi egunera ekarri dute Manex Castro presoa senideengana

Puerto III kartzelan preso dagoen Villabonako gaztea lau orduz egon zen senitartekoekin etxean. Orain hamabi egun atera zuten Puerto III espetxetik; bidean, Valdemoron eta Zaballan izan dute.

p015_f02.jpg

Maider EIZMENDI | VILLABONA

Aitaren heriotzagatik familia bisitatzeko baimena eman zioten Manex Castro presoari pasa den apirilaren 11n, baina gazteak hamabi egun eman ditu Villabonara bidean.

Goizeko bederatzi eta erdiak pasata zirela iritsi zen atzo Castro bere amaren etxera. Ia bi aste zain egon ostean, ordubete lehenago jaso zuten senitartekoek bere bisita iragartzen zuen deia, eta hala, presaka itzuli behar izan zuten jada lanera joanak ziren senideek. Villabonako gazteak Gasteizko Zaballako espetxean eman ditu azken egunak eta bertatik ekarri zuten atzo bere jaioterrira. Aurretik, ordea, Madrilgo Valdemoron ere hainbat egun eman ditu. Cadizko Puerto III espetxetik abiatu eta hamabi egunera ekarri dute, izan ere, senideengana.

Soilik senitartekoak

Lau ordu eman zituen etxean, eta amarekin, alabarekin, neska lagunarekin, bi anaiekin, ilobekin eta osaba-izeba eta lehengusuekin egoteko baimena eman zioten ertzainek. Lagunek ere galdegin zuten hura agurtzeko aukeraren inguruan, baina senitartekoak soilik igo zitezkeela erantzun zieten.

Lau orduko baimena amaitu zenerako, Amasa-Villabonan bolo-bolo zabaldu zen Castro herrian zela eta herritar ugari gerturatu ziren etxepera hura agurtzeko asmoarekin. Ordurako, ertzainen bi furgona gerturatu ziren atarira eta herritar eta lagunak presoarengana hurbildu ez zitezen bertaratutakoen parean jarri ziren.

Tentsio uneak bizi izan ziren, Castro etxetik atera zuten unean, harengana gerturatu nahi zutenei bultza egin baitzieten ertzainek, horietako bat lurrera botatzeraino. Herritarrek gaztea txalo artean eta animo oihuak entzunez agurtzea ezin izan zuten ekidin, ordea.

2009ko martxoaren 1ean atxilotu zuen Ertzaintzak Castro. Madrilen lehenik, gero abuztua bitartean Valentziako Picassent espetxean eduki zuten, eta orduan Cadizko Puerto III espetxera eraman zuten, Euskal Herritik 1.200 kilometrora.

Naia Lacroixi harrera egin diote Donibane Lohizunen

Naia Lacroix atzo goizean aske gelditu zen, www.kazeta.info webguneak jakinarazi zuenez. Versailleseko kartzelatik atera ondoren, trena hartu eta arratsaldean (17:45) ailegatu zen Donibane Lohizuneko geltokira. Han lehen harrera egin zioten.

Apirilaren 2an epaitu zuten Lacroix, eta senpertarraren gaineko deliberoa apirilaren 10ean ezagutarazi zuten. Hiru urteko kartzela zigorra ezartzea erabaki zuen epaileak, horietatik 18 hilabete baldintzapean. Prokuradoreak helegiterik aurkezten ez bazuen Lacroix apirilaren 20an aske gelditzen ahal zen, baina prokuradoreak asteleheneko gauerdira arte aurkezteko beta zuenez atzora arte ez zuten aske utzi.

Euskal Herria Ez da Salgai dinamikaren baitan bigarren etxebizitza baten inguruko eraso saiakeragatik kondenatu dute. Larunbatean ongietorria eginen diote Senperen eguerdian.

Lacroix 2012ko otsailean atxilotu zuten. Geroztik preso atxiki dute eta gose greban ere izan zen 2012ko maiatzean, bakartua zutela salatzeko. 14 hilabete horietan, Fresnes, Gradignan, Châlons-en-Champagne eta Versailles-eko presondegiak ezagutu ditu. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo