GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Lokaletik hasi behar du hezkuntza kudeatzeko erabakiak»

p021_f01.jpg

Aitziber Martinez de Lagos
Sortzen-Ikasbatuaz-eko koordinatzaile nagusia

Gobernu espainolak aplikatu nahi duen LOMCE legea erasoaldi handi bat da elkarteko kideentzat. Hainbat saiotan lantzen ari dira gaia eta jasotzen ari diren iritziek indartu egiten dute martxan duten gogoeta prozesuaren beharra. Argi dute: «Gaurdanik hasi behar dugu gurea eraikitzen».

Maider IANTZI | DONOSTIA

Joan den irailetik gogoeta prozesu bat egiten ari da Sortzen-Ikasbatuaz 20 urte baino gehiago dituen euskal eskola publiko berriaren aldeko elkartea. Dituzten lan ildoak eta Oinarrizko Hezkuntza Akordioa ardatz hartuta, eguneratu egin behar zutela erabaki zuten, gizarte eredua eta militantziarena ere aldatu direlako eta kideengandik hurbil egon nahi dutelako benetan. Haizeberrituz, indar metaketa eta saretzea ahalbidetu nahi dute, edozein pertsona, hezkuntza komunitate edo herriri lan egiteko aukera eskaini. Maiatzaren 18 eta 19rako jai nazionala antolatzen ari dira Iruñean hausnarketa hau bukatu eta ospatzeko.

Nola hasi zenuten prozesua eta ze fasetan zaudete orain?

Oinarrizko Hezkuntza Akordioak zekartzan eskubideak hartu genituen ardatz eta etorkizuneko eskolak eskubide horiek bermatu behar baditu, zer lan ildo jarraitu behar ditugun begiratu genuen, ez etorkizun batean, baizik eta gaurdanik. Eguneroko lanera egokitu nahi genuen: oraindik ez daukagu eskola eredu propiorik, baina bide horretan ikastetxez ikastetxe pausoak ematen has gaitezke, eskubide horien bila. Orduan, helburuak begiratu eta lan ildoak horietan kokatu ditugu. Eztabaida egon da, baina denak izan dira gehitzeko ekarpenak. Honek berritzeko balio izan du, baina gure kidegoa kokatzeko eta sentsibilizatzeko ere bai, batez ere batasun bat lortzeko, zertan gabiltzan eta zertarako hitz egiteko. Dagoeneko kide direnekin, izan direnekin eta hezkuntza mugimenduan dabiltzanekin egin dugu lehen fasea. Orain geratzen zaiguna jende berriari aurkeztea da. Gero, nola lan egin dezakegun ikusiko dugu modurik on, aberats eta erosoenean. Horretarako, hainbat eskualde hartu eta nahi duten hezkuntza komunitateko kide guztiak gonbidatu nahi ditugu saioetara, beren ekarpenek definituko dutelako elkartearen funtzionamendu eredua.

Non eginen dituzue saioak?

Ikastetxe batzuetan bai, eta gero, herrietara heldu nahi dugu. Saio parte-hartzaileak izatea nahi dugu, modu naturalean eta ez-formalagoan eztabaidatzea. Parte hartu ezin duen jendeari aukera eskaintzeko galdetegi batzuk ere banatuko ditugu.

Hezkuntza herriarekin nola lotu aztertu duzue.

Gure ustez, kudeaketak ez du administrazioaren menpe egon behar. Lokaletik hasi behar du erabakiak, eta herri bateko umeen etorkizuna nola landu daitekeen hobetoen ezagutzen dutenak bertako biztanleak dira: ikasle, irakasle eta gurasoak, euskalgintzako eragileak, aisialdikoak... Eskolatik ateratzean euskaraz hitz egiteko arnasguneak izateko denen artean lan egin behar da.

Zertan da Kontseiluarekin lantzen ari zareten proiektua?

Euskaratik abiatzen den eredua da baina ikasle eleaniztunak lortuko dituena. Praktikan jartzen hasi gara Dimako herri eskolan eta Egiako Aitor ikastolan. Irailetik gabiltza eta parte-hartzea eta inplikazioa oso-oso handia izaten ari da. Oso gustura hartu du jendeak.

Nolakoa izanen da maiatzeko jai nazionala?

Haizeberritu prozesua dela-eta, jai berezia antolatzen ari gara, bi egunekoa. 18an, elkartea orain arte zer izan den erakutsiko dugu eta 19an, elkarte berritua. Ikastetxearen eta herriaren lotura irudikatuko dugu, eta lan ildoak. Txantreako Bernat Etxepare Institutua ari da prestatzen.

Eta joan den igandean Villatuertan egin zenuten euskararen ofizialtasunaren jaia nola baloratzen duzu?

Urtez urte gero eta jende gehiago batzen da jai honetara. Zonifikazioari ezetz esatea du helburu, baina salto bat eman dugu aurten, hainbat oztopo daudelako Euskal Herrian euskaraz ikasteko, ez Nafarroan bakarrik. Horregatik, Angela Morenok «Euskaraz herria josten» lemapean egin zuen sormen lana. Konpromisoa eskatu diegu lege inposizioak deuseztatzeko eragile sozial, sindikal eta politikoei. Asko batu zaizkigu, baina beste asko oraindik ez. Eurek azaldu beharko dute zergatik. Villatuerta inguruko herritarrei, eskerrak eman nahi dizkiegu egiten duten esfortzu izugarriagatik, seme-alabek euskaraz ikasteko eta euskararen normalizazioan laguntzeko. Jai honetan dena eman dute.

 

saioak

«Nahi duten hezkuntza komunitateko kide guztiak gonbidatu nahi ditugu saioetara, beren ekarpenek definituko dutelako elkartearen funtzionamendu eredua»

iruñeko jaia

«Haizeberritu prozesua dela-eta, jai berezia antolatzen ari dira. Maiatzaren 18an orain arteko elkartea erakutsiko dute eta 19an, berritua. Eskolaren eta herriaren lotura irudikatuko dute»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo