GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Jon Garmendia «Txuria», Xabier Miguel Ezkerra eta Jokin Aranalde Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboko kideak

Herria dugu arnas

Iheslariak ez gara biktimak, sufrimendua pilatzen zaigu gainean, bai, baina gu euskal borrokalariak gara, gure herriaren askatasunaren alde borrokan segitzen dugun militanteak

Denok dakigu etxea zer den. Denok dakigu sortzen ikusi gaituen lurrak sentimendu bat eragiten digula. Lur hori eta etxea atzean uzteak bakoitzari egiten dio min, ordea. Eta gure herriak sufritu duen arazo politikoaren erruz, ehunka dira etxea uztera behartuak izan diren euskaldunak. Orain, deserriko lurretan gaudenak ehunka gara, bakoitza bere arazoekin, bakoitza bere minarekin, baina kate baten segida gara hein berean, anitzek pairatu dutelako egoera hau gure aitzin, ez gara lehenak, eta azkenak izatea besterik ez dugu xede. Eta bakoitza bagara ere, elkartasun eta bateratasunez kolektibo bat osatzen dugu, iheslari bilakatu gaituen arazoaren konponbidean eragiteko asmoarekin.

Iheslariak drama bizi du lehenik eta behin, drama pertsonala. Kostu bat eragiten baitu maite dituzunengandik urrun bizimolde berri bati hasiera emateak. Ordura arte bizi duzunaren errealitatea zeharo aldatuko baita, eta egunerokotasuneko gauza tipiei aurre egin beharrean aurkituko zara. Handi sentituko dituzun gauza tipiei. Ez da erraza lagun berriak egitea, ez da erraza ezezagun zaizun gizartean barneratzea, are, hizkuntza desberdin baten eraginak harrapatzen bazaitu, eta, batez ere, dokumenturik gabe deus guti balio duzula erranen dizun mundu baten aitzinean aurkituko zara. Lan duin bat eskuratzeko zailtasunak agertuko zaizkizu, teilatu azpi egoki bat eskuratzeko trabak, medikuarenean atea kox-kox jotzeko zalantzak... zerrenda amaigabea. Baina zerrenda horrek drama humanoa izugarria dela adierazi besterik ez du egingo.

Baina kasu, hau dena pairatuta ere, iheslariak ez gara biktimak, sufrimendua pilatzen zaigu gainean, bai, baina gu euskal borrokalariak gara; hau da, dagokigun toki horretarik gure herriaren askatasunaren alde borrokan segitzen dugun militanteak. Eta justuki, horregatik ezarri digute hainbeste zigor eta zailtasun soinean, estatuen errepresioak begipuntuan izan gaitu. Asignazioak, konfinamenduak, deportazioak, estradizioak, euroaginduak... lege mailako anitz arau sortu dituzte gure kolektiboa suntsitzeko, iheslari bakoitzaren kuraia zulatu eta duintasuna ezabatzeko. Sarraskiak eta hilketak antolatu eta baimendu egin zituzten lehenago, GALeko mertzenarioak kontratatu gero, hiltzailearen aurpegia estali nahirik, bizia itzali eta izua sortzeko; eta ezin ahantzi atzerriko urruntasunean hil diren euskal seme-alaba kuttunen eskuzabaltasuna.

Gertatua ez dugu ahantzi, eta beti oroituko dugu, baina ez dugu gertatuaren zurrunbiloan itzulika jardun nahi. Aurrera egin nahi dugu, gure herriari bezala, gure herritarrei etorkizun berri eta hobea ekarriko dien askatasunaren aldeko prozesuan urratsak egin. Lokarriak askatu nahi ditugu, eta lokarriak askatzeko ezinbestekoa da haiek zerekin eginak diren jakitea. Gu, lokarri horren zati bat gara. Arazo- aren zati, eta arazoaren soluzio zati bat.

Bada denbora hausnarketa prozesu batean murgildu zela iheslari politikoen kolektiboa, barne mailan antolatu, eta barne erabakiak plazaratzeko asmoarekin. Iheslari bilakatu gintuen arazo politikoaren erroa non zen aspaldian jakin dugu, hura konpontzeko eskemak ere jakinak genituen; hau da, ETA erakunde armatuaren eta menpeko egiten gaituzten bi estaturen arteko negoziaketa batek gure arazoa konpontzeko bidean jarriko zuela. Egungo eskema aldiz, desberdina da, eta horrek estrategia berria barnebildu eta ulertzea eskatzen digu. Estatuek ez digute fitsik oparituko, lortu ahal dugun hura kendu egin beharko diegu, eta saiakera honetan, aldebakarretik eginiko urratsek negoziaketa fase berri bati hasiera emateko indarra ekarriko dute.

Bide horri hasiera eman nahi diogu, eta hartarako abian jarri dugu «Herria dugu arnas» ekimena. Munduko bazter anitzetan ehunka iheslari gaude, eta Euskal Herrian libre bizitzeko eskubidea jorratu nahi dugu, mundutik herrira itzuli. Arazo politikoaren konponbide integrala bultzatu nahi dugu, horrek ekarriko duelako gure arazoaren behin betiko ezabatzea. Herria bizi izan dugu urrun egonik ere, eta herria da gure hatsaren ezinbesteko oinarri. Ekainaren 15ean Biarritzeko Irati aretoan ikusiko dugu elkar.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo