GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Ohe estuaren erruaz!

Aurreak erakusten du atzea nola dantzatu». Holaxe dio esaera zaharrak. Bai eta «zaharra berri» esan ere, beste batek. Hortaz, aurrekontu egitasmoa asmo geratu zaie batzuei, egin gabe. Eta aurrekontuak atzekontu bihurtu. Kontuak atera bitzate! Datorren urtekoak, behintzat! Baina orain ondo, mikrofonoen aurrean kontu-kontari ibili gabe. Erantzukizuna ingurukoei eskatzea ondo dago, nork bere erantzunak argitan utzi eta gero, beti ere. Baina, jakina, erantzunen aurretik galderak doaz, edo joan beharko sikiera, eta nago ni, krisia krisi, batzuek ez dutela oraindino ulertu gaurko galdera funtsezkoenak bestelakoak direla, halabeharrez, ez orain urte gutxira arte ziren haiek. Kolpea gero! lehengoan behatzetako atzazalak mozten nengoela Kutxabank zer horren buru entzun nuen uhinetan. Euroa hartzea hanka sartzea ez ote zen izan, horretaz ari zela buruan bueltaka azken boladan. Esan ez zuen arren, imajinatzen dut ekintzaile saiatu hori gauez, loak ezin harturik, amesgaiztoen atarian, gorputza buruari escracheka, amets gozoetatik desjabetua izateko beldur betean, ohe estuan batera eta bestera lurra hartzeko zorian, urduri antzean, eurogunetik ateratzeko irrikitan... gure beheko Estatuari hemen izan eta haren menpeko den guzti-guztia bueltatu nahian, berak zor digunaren ordainez... Bai, ulertzekoa da, ez da erraza ohe estuan loa hartzea.

Nik ere egiten dut amets noiz edo noiz. Lo nagoela, batzuetan. Lehengo batean jende talde mota bi ikusi nituen Iruñeko plaza nagusi batean. Lagun batzuk geldi, zutik, protestara bilduak, ahoan bilorik gabe. Beste batzuk, lagunen lagunak hauek, geldi ez, auzitegirako bidean baino, pauso arinean, ahoa bete bilo, orangutanen besapea beste. Janzkera bera ere zen bietan desberdina. Ama, ama! janzkera! Horra Bangladeshekoa.

Mendebalderako jantziak ekoizten dituen ehun-lantegi batean eraikina erori eta hondar-oldeak herioz jantzi ditu barruko ehunka langile. Bai, nik neuk ere sinesten dut istripuetan; are gehiago, umetan elizaren aurrean bizikletatik jausi eta ez nion haren errua bota klima aldaketari. Baina, ametsak amets, zergatik ez da erori mendebaldean ekialderako arropak ekoizten dituen ehun-lantegirik? Lurrikaretan garatuak diren herrialdeetan bertan ere, erori ez! Berria «made in» zahar.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo